Igandean despedituko da Etxealditik Euskaraldira ekimena, udazken akaberan izanen den Euskaraldiaren berotze ariketa izan nahi duena. Ekimenarekin etxekoan eta gertukoekin ditugun hizkuntza ohiturak hausnartzera bulkatu nahi zuen jendea. Eta norberak egoki joz gero, erdarazko harreman horiek euskalduntzeko pausoak ematera gonbidatu du. Bideo bidezko proposamenak ere izan dira hori errazteko: euskaraz jolastu, on-line poteoa, etxeko bazkaria, esker mezuak, erosketak eta zinema etxean.
Ekimena despeditzeko Euskaralditik eskatu dute “azken egunetako bizipenak gogora ekarri eta zerbait sortzea: argazki bat, bertso bat, marrazki bat…” Bizipen horien adibideak ere zabalduko ditu koordinazio taldeak. Sormen horiek iganderako prest egon beharko dute, Euskaralditik eskatu baitute hari argazkia egitea eta igandean sareetan zabaltzeko.