Ikasle batzuei ikasketa materiala banatzen hasi zaie

Guaixe 2020ko api. 30a, 11:02

Haurra Arbizuko kale nagusian. Artxiboa.

Hezkuntza materiala on-line eskuratzeko zailtasunak dituzten ikasleei materiala paperean ematen diete.

COVID-19 gaitzak hainbat arlotan gizarte arrakalak agerian utzi ditu. Horietako bat da hezkuntza. Etxeko konfinamenduan ikasketak on-line jarraitzeko aukera ez duten ikasleak hainbat dira. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa horretaz jabetu dira eta egoera horretan dauden ikasleei materiala paperean helarazteko zerbitzua martxan jarri dute foru geografia guztian. 

Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranazko laguntza sareak eta Altsasuko udaltzaingoa dira premia duten ikasle horiei etxerako lanak eta bestelako materiala paperean emateaz arduratzen direnak. Behin behineko neurria da, Espainiako Gobernuak Nafarroako Ordezkaritzak ikasle horien familiei ikastetxeetara joan-etorria egiteko baimena eman arte. Horretarako, jakina, osasun neurri guztiak bermatu beharko lirateke.