Iritsi da itxialdia, haurrek egun guztia etxean eman behar izan dute zenbait astez, eta Nafarroako toki gehienetan ez dago ikusterik haurrentzako euskaraz dagoen kanal bakarra, ETB3. Esaterako, Sakanan: hala salatu izan du sare sozialetan Sakanako Itsasi Euskaltegiak.
Aurreko legegintzaldian, Nafarroako Gobernuak konponbide tekniko bat aurkitu zuen ETB3 Nafarroa guztian ikus zedin, eta baimena eskatu zion hainbatetan Espainiako Gobernuari, baina ez zuen erantzunik jaso. Orain, kolore berekoak dira bai Espainiako bai Nafarroako gobernuak, eta, beraz, aukera egokiena izan liteke. Baina ez dakigu oraingo Nafarroako Gobernuak asmoari eusten dion edo gaia alde batera utzi duen. Nolanahi ere, hala jokatuz, Espainia urratzen ari da Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna (11.2 artikulua).
Bestalde, Nafarroako hainbat tokitan LTDko tokiko lizentzien bidez ikus daiteke ETB3 (esaterako Iruñerrian, Lizarran, Zangozan...), baina Nafarroako mendialdean ez dago LTDko tokiko lizentziarik; izan ere, UPNk, Nafarroako Gobernuan zegoenean, ez baitzion mendialderako lizentziarik eskatu Espainiako Gobernuari.
Beraz, hau da gure eskaera Espainiako eta Nafarroako gobernuentzat: ETB3 nahi dugu Nafarroa guztian; bete ezazue Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna!