Opazank bideo lehiaketa martxan

Guaixe 2020ko mai. 5a, 12:16
2019ko Opazank bideo lehiaketaren irabazleak. ARTXIBOA

Sakanako hizkeran eta taldeka edo kuadrillaka bideoak egiteko lehiaketa martxan jarri du Sakanako Mankomunitateak. Maiatzaren 29ra arte aurkez daitezke lanak. 

Opazank! Sakanako hizkeren 2. bideo lehiaketa aurkeztu du Sakanako Mankomunitateak. Sakanako edozein taldek edo kuardillak parte har dezake, eta ez dira bakarkako lanak onartuko. Gainera, bideoak Sakanako hizkeran eginen dira edo Sakanako hizkerako hitzak eta esamoldeak erabiliko dira. Bideo bakoitzak gehienez 10 minutuko iraupena izanen du eta gaia librea da. Talde bakoitzak nahi adina bideo aurkeztu ditzake. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 29a izanen da. Sariak Sakanako denda edota jatetxe batean erabiltzeko 300, 200 edo 100 euroko txartelak izango dira, hurrenez hurren. 

Bideoak euskara2@sakana-mank.eus helbidera bildako dira Wetransfer bidez. Parte hartzaileek lanarekin batera bideoaren izenburua, taldearen edo kuadrillaren izena, taldekideen izen-abizenak, herria eta harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa bidali beharko dute. 

Bi adituk osatuko dute epaimahaia eta kontuan hartuko dira bideoen kalitate teknikoa, oringinaltasuna, sormena eta Sakanako hizkeraren erabilera.