Txirrindularitza

UCIk data konfirmatu du: urriaren 21ean pasako da Vuelta Sakanatik

Guaixe 2020ko mai. 6a, 09:24
2014an Vuelta Aralarko San Migelen despeditu zenekoa, Fabio Aru (Astana) irabazlea aurretik zela.

Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak (UCIk) 2020ko egutegia zehaztu du. Espainiako Vuelta urriaren 20an hasiko da, Irunen, eta hurrengo egunean, urriaren 21ean, Sakanara helduko da: Urbasatik sartu, Aralarko Santutegia igo eta Lekunberrin despedituko da

Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak (UCIk), 2020ko egutegia zehaztu du, puzzle oso konplikatua osatu eta gero. Nolanahi ere, koronabirusarengatik egoera aldakorra denez, UCIk egutegian aldaketak egitea ez du baztertzen. 

Martxoaren 15ean Paris-Niza despeditu zenetik ez da txirrindularitza lasterketarik jokatu, eta UCIk onartutako egutegiaren arabera, abuztuaren 1ean jokatuko da World Tour egutegiko lehen lasterketa, Strade Bianche proba, Toscanan. Hortik aurrera, hiru hilabetetan jokatuko dira gainontzeko probak. UCIk maniobra oso konplexuak egin behar izan ditu egutegiko hiru proba nagusiak kokatzeko, baina itzuli garrantzitsuak zehaztuta geratu dira: Frantziako Tourrari leku preferentea egin dio UCIk eta abuztuaren 29tik irailaren 20ra bitartean jokatuko da; Italiako Giroa urriaren 3tik 25era erabakiko da; eta Espainiako Vuelta urriaren 20an hasiko da, Irunen, eta azaroaren 8an bukatuko da, Madrilen. 

Suitzan jokatuko diren Munduko Txirrindularitza Txapelketei dagokienez, Tourra bukatzen den egunean bertan hasiko dira, irailaren 20an, eta irailaren 27ra bitartean jokatuko dira. Bestalde, urrian klasiko handiak jokatuko dira, Lieja-Bastogne-Lieja, Amstel Gold Race, Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix, tartean. 

Urriaren 21ean jokatuko da Aralarko San Migeleko Vueltako etapa
Espainiako Vueltako ibilbidean aldaketak egin ditu antolakuntzak. Proba ez da Herbehereetan hasiko, eta bertan jokatzekoak ziren lehen hiru etapak bertan behera gelditu dira. Horrela, 18 etapa eta 2 atseden egun izango ditu Vueltak, eta urriaren 20an hasiko da, asteartearekin, Italiako Giroko azken etapak oraindik jokoan direla, Irun eta Arrate artean jokatuko den etaparekin. Bigarren etapa, urriaren 21ean, asteazkenarekin jokatuko dena, Iruñean hasi, Lizarraldeara jo, eta Urbasatik Sakanara sartuko da, Olaztira, bailara zeharkatu eta Uharte Arakilgo pistatik Aralarko San Migelera igo eta Lekunberrin despedituko dena. Vuelta atipikoa izango da, lehenengo bi etapak menditsuak izango baitira.