Sakanan bizi eta lan egiteko, nolako erronkak ditugu?

Guaixe 2020ko mai. 8a, 14:30
Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiko 2019ko bilera bat.

Sakanako Garapen Agentziak gaiaren inguruko hausnarketa prozesua abiatu du eta idatzizko iritzi eta analisiak jaso eta webgunean publikatuko ditu. Sakanako eragileei eta herritarrei euren ekarpena egitea eskatu die

Sakanako Plan Estrategikoa 2014-2020 eskualdeko eragileek adostutako bide orria da, “jendartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntutik lanpostu iraunkorrak sortzeko baldintzak sustatzeko” helburua duena. 2019an Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiak (SSB) bultzaturik, eta ordura arte egindako bidea baloratu eta aurreikuspen berriak txertatuz, planaren eguneratzea onartu zen. Egun, COVID-19 birusak sortutako osasun-krisian murgilduta gauden honetan, Sakanako Garapen Agentziak hausnarketa baten beharra ikusi du. 

Egoera berrian aurrera nola egin
“Egunetik egunera kontzientzia handiagoa hartzen ari gara birus honek izango duen inpaktu sozioekonomikoaz. Etorkizunaren inguruan ziurgabetasuna handia bada ere, egungo errealitateak funtsezko eraldaketa bat biziko duenaren inguruan adostasun zabala dagoela esan dezakegu. Inork ezagutzen dez duen lurralde berri batean sartzen ari gara. Guk helmuga argi dugu: Sakanan bizitzea eta lan egitea, eta bertara iristeko iparrorratza ere bai, komunitatearen aktibazioa eta elkarlana. Baina bidea egiteko orain arteko mapek balioko al digute?” galdetzen dio bere buruari Sakanako Garapen Agentziako kide Iker Manterola Matxainek. 

Horregatik, hausnarketa prozesua abiatu nahi du Sakanako Garapen Agentziak. “Zalantza asko daude. Zeintzuk izango dira errealitate berriaren gakoak? Nola eragingo digu krisi honek? Zein erronka, arrisku eta aukera berri aurkeztuko zaizkigu? Zein tresna eta ekimen beharko ditugu erronka horiei erantzuteko? Erronkaren konplexutasunak eta neurriak ezinbestekoa egiten du adimen kolektiboa abian jartzea” ondorioztatu du Sakanako Garapen Agentziako kideak. 

Hausnarketa prozesu telematikoa
Hausnarketa horretan, Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiko eragileen ekarpenak eta Sakanako herritarren iritziak jaso nahi ditu Sakanako Garapen Agentziak. Egungo egoeran Sakanako Sozio-ekonomia Behatokia fisikoki elkartu ezin denez, hausnarketa prozesu hau idatzizko iritzi eta analisi artikulu laburren bidez egitea proposatu du Sakanako Garapen Agentziak. Prozesu telematikoan parte hartu nahi duten eragileek eta sakandarrek euren proposamenak Sakanako Garapen Agentziara bidali beharko dituzte (info@sakanagaratzen.com), eta ondoren agentziako webgunean publikatuko dira, guztion aztergai.