Errenta-aitorpena euskaraz egiteko gonbidapena

Guaixe 2020ko mai. 8a, 12:55

UEMAk eta hainbat erakunde publikok elkarlanean sustatu dute kanpaina, administrazioa euskalduntzeko beste pauso bat gisa. Herritarrei errenta-aitorpena euskaraz egiteko eskatu die.

Nafarroan errenta-aitorpena egiteko epea asteazkenean hasi eta garilaren 20ra arte luzatuko da. “Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian” Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri dute. “Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi garela. Eta, bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko”. 

Sakanan UEMAko kide Arbizu eta Etxarri Aranatz dira. 2018ko errenta aitorpena euskaraz egin zuten arbizuarren % 3,27k eta etxarriarren % 9,38k. Datu horiek hobetzeko gonbidapena eginez kartelak jarri dituzte bi herrietan. UEMAtik aitortu dutenez, “errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, soziolinguistika errealitateak erakusten dituen datuetatik urruti dago oraindik”. Gaineratu dutenez, “administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste pauso bat da errenta-aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea”. 

COVID-19 pandemiak baldintzatuko du aurtengo errenta aitorpena ere. Horregatik, foru administrazioak bide telematiko eta telefono bidezko arreta pertsonalizatuaren alde egin du, aurrez aurreko hitzorduen ordez. Bestela, aurreko urteetan bezala, errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude. Nafarroako Gobernuak 2000.561 proposamen egin ditu. Baina urte batetik bestera ondasunetan aldaketak badira, banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Horregatik, halako tokietan “Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu” mezua duten kartelak jarri dituzte. 

Nola egin euskaraz?
Autolikidazio proposamena 
Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz edo Internet bidez euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.  

Mekanizatua
- Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
- Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai aurrez aurre, baita telefonoz edo Internet bidez ere.
- Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

Internet bidezkoa 
- Errenta Aitorpena Internet bidez egin dezakezu www.errenta.nafarroa.eus web orrian. Behar izanez gero, telefono bidezko aholkularitza jaso dezakezu 948 106 106 telefono zenbakira hots eginda. Adierazi euskaraz egin nahi duzula. 
- Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
- Beste modu batean egiten baduzu, esaterako, finantza erakunde batean, euskaraz egiteko eska dezakezu. 


UEMAko Nafarroako herrietan errenta-aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua
Araitz  % 2,84
Larraun % 5
Basaburua % 3,16
Arantza % 8,28
Bera % 3,39
Etxalar % 7,79
Igantzi % 7,16
Baztan % 3,27
Arbizu % 3,74
Etxarri Aranatz % 9,38
Areso % 17,02
Goizueta % 4,82
Leitza % 15,24