Bernoako galtzada balorean jartzeko proiektuak Europako Nekazal Garapen Planeko dirulaguntza jaso du. Etxarri Aranazko, Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo Udalek bat egin dute proiektua martxan jartzeko. Sakana Garapen Agentzia lauren arteko koordinazio lana egiten ari da, Sakanako Cederna Garalurreko teknikariarekin batera.
Sakanako hainbat herritan urteak daramatzate galtzada berreskuratze lanak egiten. "Aukera polita ikusi zen balorean jartzeko prozesu honetan, ibilbide sare bat eratzeko". Bernoako galtzada ardatz hartuta, beraz, GR bat sortzeko proiektua sortu zuten Etxarri Aranazko, Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo Udalek, Paqui Urbitarte Cabrera Sakana Garapen Agentziako teknikariak azaldu duen bezala. Lau udalerriak elkarlanean aritu dira, "sinergian". Nekazal Garapen Planaren edo PDRaren barruan aurkeztu zuten proiektua, eta orain jakinarazi dute Europara Batasunaren dirulaguntza jaso duela.
Bernoako galtzada ardatz hartuta, lau herriak batzen dituen homologatutako GR ibilbide sare bat sortzean datza: lau udalerriek, Sakana Garapen Agentziaren koordinazio lanarekin, aurkeztu duten proiektua eta, orain, dirulaguntza jaso duena. "50 kilometrotatik gorako GR bat da, eta kasu honetan 65 kilometro inguruko ibilbidea izango litzateke". Hortaz, ibilbidea galtzada pasatzen den lau herrietatik pasako da. Galtzadaren egoera "desberdina" da udalerri bakoitzean: "Urdiainen, Ataungo norabidean, galtzada guztia berreskuratuta dago. Iturmendin, Bakaikun eta Etxarri Aranatzen egoera desberdinean daude. Bakoitza bere zatia azaleratzen joan da". Aurreikusitako ibilbidea, galtzadaren "eremutik" pasako dela azaldu du Urbitartek: "Ez dira bide berriak egingo, egun existitzen diren bideetan seinaleak jarriz ezagutaraziko da galtzada".
Ibilbidearen helburua, galtzada balioan jartzea da. Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain batuko ditu, eta zirkularra izango da; beraz, norberaren erabakia izango da 65 kilometroak osorik egin edo tarteka egitea.
Balorean jarriz
Azken bost urteetan Bernoako galtzada berreskuratzeko lanak egiteko De Amicia GKEaren Europako boluntarioak etorri izan dira. Gainera, herri bakoitzak ere auzolan taldeak ditu eta pixkanaka garai batean mandazainek erabilitako bidea azaleratzen joan dira. "Hori osatu nahian" eta galtzadari balore "erantsia" emateko ibilbide sare bat egiteko proiektua aurkeztu zuten. Hortaz, proiektuaren helburua galtzada balorean jartzea da. "Ez bakarrik galtzada azaleratzea, baizik eta horren atzean dagoen guztia jakinaraztea ere. Zertarako erabiltzen zen, mandazainen figura balioan jartzea ere…". Beraz, galtzadaren eta mandazainen historia kontatzeko helburua ere badago proiektuan aurreikusita. "Norabide-seinaleztapenaz gain informazio panelak ere egongo dira".
"Oso proiektu polita da lau udalerrien artean egin delako". Bernoako galtzadarekin "zerbait egitea" aspalditik zegoen aurreikusia, baina orain lau udalerriek "positibotzat jo dute" helburu amankomun bat izatea: "Galtzadaren eta mandazainen historia balorean jartzea". Europar Batasunetik jasotako dirulaguntzaz "aukera polita zen horrelako proiektu bat gauzatzea". Proiektu honekin, Sakana, natur-turismoan eta kirol-turismoan ere koka daitekeela uste du Urbitartek. "Gure ondare hori guztia uztartuz proiektu oso polita sortu dugu".
Orain proiektua gauzatu behar dute. Udalerriei jakinarazi zaie dirulaguntza onartu dela. Baina alarma-egoera dela eta, ez dakite noiz eman ahal izango duten hurrengo urratsa. "Normaltasun berri hori iristen denean edo hasiko gara lanean. Proiektua idatzita dago, baina martxan jarri beharko dugu". Oraintxe bertan administrazioan dagoen blokeoaren ondorioz epeak zeintzuk diren ez dakitela azaldu du Urbitartek. "Ahal bezain laster hasiko gara".
Auzolanik ez
Azken bost urteetako udetan Europatik etorritako gazteak Bernoako galtzadaren berreskuratze lanetan aritu dira, herrietan sortutako auzolan taldeekin batera. Europa osotik etorritako De Amicia GKEren 16 eta 30 urte bitarteko boluntarioak ziren. Aurten, aldiz, "ez dela posible izango" uste du Urbitartek. "Deseskalatze prozesuaren aurreikuspenen arabera ekaina amaieratik aurrera ahalbidetuko da estatu mailan mugitu ahal izatea, fase batetik besterako trantsizioa aurreikusi bezala badoa. Orduan, aurtengo udan beste herrialdetatik boluntarioak etortzea, oso zaila ikusten dut". Beraz, aurten lanketa hori ez dela egingo aurreikusten du Urbitartek. "Azken urtean Iturmendin egon ziren lanean". Hala ere, egoera "astetik astera" aldatzen dela esan du, beraz, "momentuz ezin dugu ezer aurreratu".
Galtzadaren ibilbidearen proiektua Sakanako lau udalerrik aurkeztu dute, baina galtzadak barnealdea kostaldearekin elkartzen zuen. Mandazainek egiten zuten bidea, beraz, Lizarraldetik Pasaiara joaten zen. Momentuz Sakanako GR hori egingo da, baina Sakana Garapen Agentzia. Lizarraldeko eta galtzadak zeharkatzen duen beste eskualdeetako eragileekin harremanetan dago eta mandazainen figura balorean jartzeko zenbait ekimen dituzte buruan: "Gure proiektuen artea bazegoen buruan mandazainaren egun bat edo zerbait sinbolikoa egin. Senidetze egun bat sortzea beste zonaldetako eragile horiek elkartuz".
Mandazainek, mando bat hartuta, barnealdetik kostaldera produktuak garraiatzen zituzten, eta kontrako norabidea ere egiten zuten, barnealdera kostaldetik iristen ziren produktuak ekarriz. Proiektu honekin "presentzia eman" nahi diote mandazainek egiten zuten lanari ere. "Gaur egungo garraiolariak izango ziren. Garai bateko merkatariak". Egoera hobetzen denean martxan jarriko duten ibilbidearekin ezingo da "zuzenean" mandazainek zapaldutako bide bera zapaldu, baina haiek egindako bidea jarraitu ahalko da.