Nafarroako Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteak COVID-19 birusaren ondorioz ezarritako Alarma-egoerak kontsumitzaileengan sortutako kezkak argitzeko eta lege aldaketak sortutakoak biltzen dituen gida edo dekalogo bat kaleratu du. Izan ere, egunotan, ehunka kontsulta eta galdera jasotzen ari dira elkartean. Besteak beste, itzulketak, hornidurak, alokairuak eta kantzelazioak tarteko diren egoeratan argibideak ematea du helburu dekalogoak.
Iratxe Sakanan
Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteak Sakanan ere ematen du zerbitzua, Irurtzunen, Arakilen, Arbizun, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olaztin hain zuzen ere, bertako udalekin duen hitzarmenei esker. Mikel Bezunarteak artatzen ditu kontsultak herri guztieztako udal zerbitzuetan, Etxarri-Aranatzen izan ezik, bertan Maider Lazkanok egiten baitu harrera. Altsasura astero joaten dira (astearteetan), Irurtzun-Arakilera hilean 3 aldiz (astelehenean), Lakuntzara eta Arbizura hilean behin, txandakatuz (asteazkena), Olaztira hilean bi aldiz (ostegunean). Eta Etxarri Aranatzera hilean bi aldiz. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik 13:00etara izaten da, Arbizun eta Lakuntzan izan ezik, bertakoa 9:00etatik 13:00etara baita.
Mikel Bezunarteak adierazi digunez, alarma-egoeran ere zerbitzua ematen jarraitzen dute. “Jendeak hitzorduak hartu behar ditu 012ra deituz edo herrietako udaletxeetan bertan, herriaren arabera, eta guk hitzordua duen jendeari telefonoz deitzen diogu. Gero, agiriak beharrezkoak badira posta elektronikoz bidaltzen dizkigute eta guk ere erreklamazioak internetez egiten ditugu” azaldu du. Hortaz, kontsumitzaile garen aldetik edozein kezka edo zalantza badugu, Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteko ateak zabal-zabalik daude.
Iratxeren alarma-egoerako dekalogoa
1-Telefono eta internet konpainiek ezin dituzte prezioak garestitu. Alarma-egoerak indarrean dagoen bitartean aipatutako zerbitzuak ematen dituzten enpresek lehengo prezioei eta baldintzei eutsi beharko diete. Komunikazio elektronikoak ez dira eteten ahal sarearen segurtasun arrazoiengatik baizik. Telefono konpainiek eramangarritasunak soilik eskaintzen ahal dituzte baldin eta teknikoek kontsumitzaileen etxean ez badute lanik egin beharrik eta kontsumitzaileak operadorearen dendara ez badu jo beharrik.
2-Kontsumitzaileak erositakoa itzultzeko aukera izanen du gero ere. Interneten nahiz dendan erositako produktuak itzultzeko epe-mugak etenda daude alarma-egoerak dirauen bitartean baita bere luzapenetan ere. Alarma-egoerak ezarri zuen RD 463/2020 indargabetu eta gero hasiko da denbora kontatzen, hau da, bitartean ez dira epeak agortuko.
3-Alarma egoerak eraginda bete ezinda gelditu diren kontratuak baliogabetzeko aukera dago.
Hori bai, kontzertu bat ikusteko txartelak erosi zuenak edo hoteleko erreserba egin zuenak alarma-egoera bukatzen delarik 14 egun besterik ez ditu izango kontratua baliogabetu eta dirua eskatzeko. Legeak 60 egun ematen ditu enpresariak eta kontsumitzaileak kontratua bertan behera utzi eta dirua itzultzea sahiestuko duen bestelako akordio bat lotzeko. Bidai konbinatuak badira, hotela eta hegazkina batera kontratatu badira adibidez, diruaren ordez, bidai-agentziak, hurrengo urtean erabiltzeko bono bat eta dagokion berme ekonomikoa emateko aukera du. Bidaia ez bada gauzatzen kontsumitzaileak dirua eskatzeko aukera izanen du, urte bat pasa eta gero. Kontsumitzaileak dirua eskatzen ahal du hasieratik baino bidai-agentziak berste enpresek (hegazkin konpainiek, hotelek etabarrek) bueltatu duten dirua baino ez dio eman behar. Bidai-agentziak itzultzen duen diru kopuruaren arabera murriztuko da gero bonoaren balioa.
4-Akademia edo gimnasioaren kuotak itzuli behar dira. Hileko kuotak ordaintzen badira eta egoerak eraginda zerbitzua eteten bada, eskatuz gero, eman ez diren zerbitzuen kostua itzuli beharko da. Enpresak bestelako proposamenak egiten ahal ditu dirua itzuli baino lehen baino hasierako kontratutik kanpo egiten diren proposamenen gainean akordiorik ez badago enpresak kuota zati bat itzuli beharko dio kontsumitzaileari. Akordioa onartzen duen kontsumitzaileak ez ditu kuota berriak ordaindu beharko zerbitzua martxan hasi arte, eta onartzen ez duenari berriz, ez zaio baja ematen ahal segitu nahi badu. Kirol Elkarteetako bazkideen kasua ezberdina da kontsumitzaileak ez direlako.
5-Argia, gasa eta ura ezin dituzte etxebizitzetan moztu. Alarma-egoeran enpresek ez dute ohiko etxebizitzetan ura, gasa eta argia mozten ahal, segurtasun arrazoiengatik izan ezik. Argiaren Gizarte Bonoak luzatu dira irailaren 15era arte eta autonomoei baldintzak malgutu zaizkie Gizarte Bonoa lor dezaten. Alarma-egoeran enpresek ez dituzte etxeetako kontagailuen irakurketak jasoko. Hori dela eta, norberak bere irakurketa jasotzea eta konpainiari ematea gomendatzen da.
6-Egoera ekonomiko larrian dagoenak hipotekaren ordainketa etetea eskatzen ahal du. Horrela da, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka bada edo hipotekatutako etxea alokatuta egonda maizterrak ordaintzen ez badu, beti ere, legearen arabera eskatzen duenaren egoera larria bada. Hipotekaren kuoten ordainketa eten eginen da 3 hilabetez gehienez, alarma-egoera akitu eta gero bankuari edo kutxari eskatu behar zaio, 45 egun pasa baino lehen. Finantza erakundeak 15 egun izanen ditu neurri berezi hori aplikatzeko edota erantzuteko.
7-Etxebizitzako maizterrak 6 hilabetez luzatzen ahal du kontratua. Ohiko etxebizitza alokatzeko kontratua bada eta 2020ko apirilaren 2tik hasi eta alarma-egoera akitu eta gero hurrengo 2 hilabeteetan amaitzekoa bazen 6 hilabetez luzatzeko aukera izanen du maizterrak. Bestalde, egoera larrian dauden pertsonak ez dira alokatutako etxebizitzatik botatzen ahalko alarma-egoerak dirauen bitartean eta ezohiko egoera hasi zenetik hurrengo 6 hilabeteetan. Egoera larrian dauden pertsonendako laguntzak badaude. Hauek dirulaguntzak eskatzen ahal dituzte etxebizitzako jabea enpresa delarik eta ordainketaren etetea partikularra den kasuetan. Ohiko etxebizitzak ez diren pisuak alokatzeko egiten diren kontratuei, ez zaizkie neurri hauek aplikatzen.
8-Kasu eman ordutegi berriei. Alarma-egoera dela eta denda askok ohiko ordutegiak aldatu dituzte. Dendetan denbora luze ez pasatzeko, erosketa etxean antolatzea gomendatzen da. Hainbat dendek argibide interesgarriak ematen dituzte internetez, hala nola noiz dagoen jende gutxiago edo produktuen kokapena zein den.
9-Premiazko zerbitzu bat behar baduzu, aurrekontua eskatu. Ur-isuri bat gertatzen bada edo sarraila irekiko duen profesional bat beharrezkoa bada, aseguru kontratuan konpainiak ordaindu behar ote duen begiratu. Kontsumitzaileak ordaindu behar badu aurrekontu zehatza eskatu behar da. Kontratatutako lana bukatu eta gero ordainagiria eskatu, egindako lanak garantia du eta.
10-Argibidea hartu eta ematerakoan kontu eman. Koronabirusak eta honen inguruan sortu den egoerak informazio ugari jasotzea ekarri dute, batez ere, Interneten aurkitu daitekeena. Egoera honetan arduraz jokatzea gomendatzen da eta informazioen egiazkotasuna ziurtatzea.