Aurten Aitzkozar Krosaren 16. edizioa zen jokatzekoa. Lasterketa Iturmendiko Aitzkozar elkarteak eta Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteak antolatzen dute elkarlanean, txandaka, eta aurten Bakaikun hasi eta despeditu beharra zuen Iturmendi eta Bakaiku artean jokatzen den herri lasterketak, baina COVID-19 birusak sortutako krisi sanitarioaren aurrean, proba bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak.
“Azken unera arte konponbide baten bila egon garen arren, aurtengoan ezin izango dugu Bakaiku eta Iturmendi korrikan lotu. Penatuta geratzeak ez du ezertarako balio, eta horregatik 2021ean jokatuko den hurrengo urteko edizioa prestatzen hasi gara. Batzuetan atseden txiki bat hartzea ongi dator, berriz ere indarberrituta korrika hasteko” azaldu dute Aitzkozar lasterketako arduradunek. Beraz, aurten erori diren beste probei gehitu behar zaio Aizkozar Herri Krosa.