Txirrindularitza

Rural Kutxak Vueltarako gonbidapena jaso du, baina Euskaltelek ez

Guaixe 2020ko mai. 13a, 10:18

Jorge Azanzaren talde laranjak ezingo du aurtengo Espainiako Vueltan aritu

Koronabirusak baldintzatutako denboraldi arraro honetan, Espainiako Vuelta antolatzen duen Unipublic enpresak Vueltan ariko diren bi talde gonbidatuen zerrendaren berri eman du. Rural Kutxa-Seguros RGA eta Burgos BH taldeak izango dira gonbidapena jasoko dutenak, eta Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen Euskaltel Euskadi taldea, berriz, kanpo geratuko da. Koronabirusarengatik soilik bi gonbidapen egin ahal izan ditu antolakuntzak, eta horregatik, ezin izan diote tokia egin talde laranjari. Nairo Quintanaren Arkea taldea ere Vueltatik kanpo geratu da. 

Aurten jokatuko den 75. Espainiako Vueltan UCI Pro Tour maila duten 19 taldeak, 2019ko sailkapeneko liderrak (Frantziako Total Direct Energie Team), eta bi talde gonbidatuak (Rural Kutxa-Seguros RGA eta Burgos BH) ariko dira. Koronabirusagatik UCIk zehaztutako egutegi berria kontuan hartuta, Vuelta urriaren 20an hasiko da, Irunen, eta azaroaren 8an despedituko da, Madrilen. Sakanara urriaren 21ean helduko da, Urbasatik sartu, Sakana zeharkatu eta Uharte Arakilgo pistatik San Migelera igoko da Vueltako 2. etapa, Lekunberrin despeditzeko.