Futbola

Lagun Artea Maila Autonomikora igo da eta Etxarri ez da Preferente mailatik jaitsiko

Guaixe 2020ko mai. 13a, 11:06
Lagun Artea taldeko aurtengo aliniazioetako bat.

Asteartean Nafarroako Futbol Federazioak eta Preferente mailako 36 taldeen ordezkariek bilera telematikoa egin zuten eta aurtengo denboraldia nola despeditu aztertu zuten

Astearte arratsaldean Nafarroako Futbol Federazioko ordezkaritza batek, Rafa del Amo federazioko presidentea buru zela, Preferente mailako Nafarroako 36 klubeko ordezkariekin bilera telematikoa egin zuen, 2019/2020 denboraldiari bukaera nola eman aztertzeko. Halaber, futbol taldeen kezka, zalantza eta galderak argitu nahi izan zituen federazioak. Bilera horretan ere Preferente mailan dabiltzan bi talde sakandarren ordezkariek hartu zuten parte, Lakuntzako Lagun Artea eta Etxarri Aranatz futbol taldeetako ordezkariek hain zuzen ere, eta bileraren ondotik gure bi taldeek berri oso onak jaso zituzten. 

Etxarrik ez du kategoria galduko
Preferente mailako 1. multzoan, txanponaren bi aldeetan daude gure bi taldeak. Ligako 21 jardunaldi jokatuta, Beti Casedano da liderra (39 puntu) eta Lagun Artea bigarrena da, puntu batera (38 puntu), Maila Autonomikora igotzeko postuetan sailkatuta. Aldiz, Etxarri Aranatz 16.a eta azkena da (18 puntu), jaitsiera postuetan. Astearteko bileran Nafarroako Futbol Federazioak preferenteko 36 taldeei azaldu zien denboraldia bertan behera utziko dela eta ez dela jaitsierarik egonen. Hortaz, Etxarri Aranatzek ez du maila galduko eta 2020/2021 denboraldian Preferente mailan jarraituko du. Lasaitu ederra etxarriarrendako. 

Lagun Artea: bi urtetan bi igoera
Astearteko bileraren ondoren, Nafarroako Futbol Federazioak erabaki zuen ez dela igoera fasea jokatuko eta Preferente mailako 1. eta 2. multzoko sailkapenetan gorenean dauden taldeak zuzenean igoko direla Maila Autonomikora. Bileraren ondotik jasotako telefono dei baten bidez jakin izan zuen Lagun Arteak datorren denboraldian Maila Autonomikoan ariko dela. 

Lagun Arteako juntako diruzain Oscar Maizak azaldu digu “oso pozik” daudela. “Bideokonferentziaren ondoren Nafarroako Futbol Federazioko juntakide batek deitu ditu igoerari buruz hartu duten erabakiaren berri emateko eta Lagun Artea Maila Autonomikora igoko dela esateko. Berri pozgarria da, nahiz eta Maila Autonomikora igotzeak errespetua eman, gure baliabideekin kategoria hori gogorra egingo baitzaigu. Baina oso pozik gaude, bi urtetan bi igoera lortu ditugulako. Joan den urtean Preferente mailara igotzea lortu genuen, aurreko denboraldian Erregionalera jaitsi eta gero, eta urte bat beranduago Maila Autonomikora igo gara. Gurea bezalako talde txiki batendako, handia da hori” gaineratu du Maizak. 

Oraindik ez dira hurrengo denboraldia zehazten hasi, baina printzipioz duten taldearekin aritzea aurreikusten du Lagun Arteak. “Egungo taldearekin eta harrobiarekin, jubenilekin jokatuko dugu Maila Autonomikoan. Ederki sufrituko dugu, baina beno…” dio Maizak. Eta, jakina, egoerak ahalbideratzen duenean, igoera ederki ospatzeko asmoa dutela. “Ez izan zalantzarik, ederki ospatuko dugu. Bi igoera jarraian, ez da eguneroko kontua, eta ospatu beharra dago” nabarmendu du Maizak. 

Altsasuk Erregionalean segiko du
Altsasu taldeak Erregional mailan jarraituko du datorren denboraldian. Erregional mailako 2019/2020 denboraldiko 21 jardunaldi jokatuta liga bertan behera gelditu da, koronabirusarengatik, eta 9. postuan sailkatu da Altsasu (21 puntu).