Pandemiak euskara jan du

Guaixe 2020ko mai. 13a, 20:48

UEMAk “euskara zaintzeko” behin baino gehiagotan eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari  udalei bidalitako oharretan, irizpideetan, arduradunen agerraldietan eta antzekoetan euskara baztertzen ari direlako.

Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalak kide dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) “euskara zero fasetik berehala ateratzeko eskatu du, egoera benetan larria bihurtu delako”. UEMAtik azaldu dutenez, “alkateak eta ordezkariak kezkatuta eta oso haserre ari dira azken asteotan UEMAren bitartekaritza eskatzen, udalaz gaindiko erakunde publikoetatik heltzen diren jakinarazpen, ohar eta gainerakoetan euskara behin eta berriro nola gutxiesten den ikusita”. 

Alarma egoera indarrean sartu berritan, martxoaren 16an, euskara zaintzeko eskatu zien UEMAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, “udalei bidalitako oharretan, irizpideetan, arduradunen agerraldietan eta antzekoetan euskara baztertzen ari zirela ikusita. Harrezkero egoerak nabarmen egin du okerrera, eta benetan larria bihurtu da”. Kide dituen udalek eskatuta UEMA bitartekari lana egiten ari da, “behin eta berriro jarri gara harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin agerraldi, ohar, jakinarazpen eta segurtasun protokoloetan euskarari dagokion lekua emateko eskatuz; alferrik”. 

Hego Euskal Herriko administrazio nagusien jokabideak “talka egiten du koronabirusaren aurkako neurriak hizkuntza gutxituetan komunikatzeko Europako Kontseiluak egindako eskaerarekin”. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok gogorarazi duenez, “eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizaterako oso garrantzitsuak direlakoan egin zuen eskaera Europako Kontseiluak, martxoaren hirugarren astean. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta hau osatzen duten euskararen erakunde guztiek bat egin zuten horrekin, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak behin eta berriro urratu dute Europako Kontseiluaren eskaera, osasun larrialdiari aurre egiteko irizpideak, protokoloak eta informazioa gaztelera hutsean helarazita udaletara”.


Lazkanoren iritziz, “Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak inoiz baino gehiago erakutsi digute euskara bigarren mailakoa dela beraiendako. Kontu garrantzitsu eta presazkoetarako, gaztelera. Gazteleraz sortzen dute, eta gero euskarara itzuli, itzultzen dutenean. Kontseilarien eta osasun arduradunen agerraldiak ere gaztelera hutsean ikustera ohitu gaituzte. Eta dena da horrela. Egoera benetan larria da”.



Horregatik, UEMAko lehendakariak bi administrazioekin berriro harremanetan jarriko direla jakinarazi du. Horrekin batera, Lazkanok “horrelakoak saihesteko zeharlerrotasuna ezinbestekotzat” jo du. “Euskaldunak aintzat hartuko gaituzten jokabide eta ordezkari duinak behar ditugu aginte postuetan, udalerri euskaldunotako udalek, ordezkariek eta herritarrek ez baitugu honelako tratua merezi. Behin eta berriro baztertzen gaituzte, bigarren mailako herritar bihurtuz eta gure osasuna eta hizkuntza ez direla garrantzitsuak erakutsiz. Benetan onartezina da egoera”.