Genero indarkeriagatik hiru emakumezko artatu dituzte

Guaixe 2020ko mai. 14a, 18:18
Sexu indarkeriaren kontrako kontzentrazioa Arbizun.

Nafarroan 43 emakumezko izan ziren eta haietatik hiru Altsasukoak.

Genero-indarkeriaren biktima diren 43 emakumezko artatu zituen Foruzaingoak apirilean, haietako hiru Altsasun. Foru Poliziak zehaztu duenez, 18 kasutan, indarkeria-mota fisikoa eta psikikoa izan da; 6 kasutan, psikikoa; 5 kasutan, fisikoa; eta, 4 kasutan, salatutako indarkeria sexuala izan da. Halaber, hamar emakumeri eman zaie arreta, beren bikotekide ohiei ebazpen judizial bidez ezarritako babes-aginduen urraketak salatu baitituzte. Biktimen batez besteko adina 37 urtekoa izan da, eta erasotzaileena, 38 urtekoa. Artatutako emakumeetatik hogei espainiarrak dira eta 23 atzerritarrak.

Deseskalatzeko eta mugikortasuna handitzeko prozesua gertatzen denean, urruntze-agindua hausteko arriskua areagotu daiteke gaztigatu du Foruzaingoak. “Kasu horietan, larrialdiren bat gertatuz gero, emakumezkoak poliziari jakinarazi behar dio, 112 telefonoaren bidez edo polizien herritarrari arreta emateko bulegoen bidez salatu behar du. Urratzea telefono-deien edo mezuen bidez gertatzen bada, mezuak eta deien erregistroa gordetzea gomendatzen diote biktimari, frogabide gisa balio dezan.

Alarma-egoera deklaratu zenetik, eta konfinamendua hastearekin batera, foru-poliziak areagotu egin du emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeriaren biktimekiko telefono bidezko harremana eta  presentziala, haien babesa bermatzeko. Gaur egun, foru poliziak Nafarroan bizi diren 360 emakumeri ematen die babesa.

Isunak 
Foruzaingoak jakinarazi digu pandemiagatik alarma egoera ezarri zenetik, martxoaren 15etik, etxeko konfinamendua ez betetzeagatik 2.629 isun jarri direla Nafarroan. Horietatik 126 (4,7%) Sakanan jarritako isunak dira, batez ere Altsasun jarri dituztela zehaztu dute. Esaterako, etxeko konfinamendua lautan urratu duen altsasuar bati desobedientzia larriagatik epaitegian diligentziak zabaldu dizkiote.