Arakildarrak Itxasperriko ermitan elkartzeko eguna dute gaurkoa. Elizkizunaren ondoren ibarreko soroak bedeinkatzen dira. Arakildarren topaketa otamenarekin borobiltzen da. Hala izan beharko luke gaur ere. Baina COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak ospakizuna bertan behera gelditzea ekarri du, “segurtasunagatik”, Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu digunez. Eta hala gelditu dira Arakilgo Udalaren maiatzeko agendako ekitaldiak ere. “Egunez egun goaz, eta ikusi behar zer gertatzen den garagartzaroan”.
San Isidro eguneko arratsaldean, berriz, ohikoa izaten da auzatea egotea bai Arbizun bai Lizarragabengoan. COVID-19ak eragindako pandemiak aurten halakorik egiteko aukerarik gabe utzi ditu batean eta bestean.