Erantzunkidetasuna zaintza lanen banaketan

Guaixe 2020ko mai. 15a, 17:27
Oihana Gallo San Roman teknikaria kanpainako kartela aldamenean duela.

'Pertsona guztiek berdintasunez gozatu behar dute'. Familien, enpresen eta administrazioen artean erantzunkidetasuna egon behar da zaintzaren esparruak eragiten dituen alderdi guztiei erantzuteko.

Bizitzak erdigunera. Pandemiaren erdian lelo hori du Nafarroako 20 tokiko erakundeetako Berdintasun Zerbitzuek gaur aurkeztuko duten kanpainak. Sustatzaileen artean Sakanako Mankomunitatea dago eta kanpainarekin batera zabaldutako manifestua ibarreko Berdintasun Zerbitzuko kide diren 14 udaletara bidaliko da, hainbat konpromiso bere egin ditzaten. 

Sakanako Mankomunitateko berdintasun teknikari Oihana Gallo San Romanek azaldu digunez, “Covid 19aren krisiak berriz ere agerian utzi du zaintza-krisi batean murgilduta gaudela eta bizitzak ez daudela erdigunean”. Gaineratu duenez, “etxeko lanen eta zaintza lanen banaketak ez dira bidezkoak eta ez dago benetako erantzunkidetasunik. Pandemiak eragindako egoera berri honi,  lehendik dauden eta ibilbide luzea duten genero-desberdintasunak gehitzen zaizkio”. 

Koronabirusak eragindako egoerak “lanaren banaketa sexuala eta genero estereotipoak indartu ditu eta emakumezkoak dira, batez ere, haurrak, mendekotasuna duten pertsonak, adinekoak, gaixoak, zaintza emozionala, zaintzeaz arduratzen direnak. Funtsezko lanak dira gure jendartea mantentzeko”. Argitu dutenez, kasuen % 75 baino gehiagotan emakumezkoek egiten dituzte.  Familietan lan horiek doan egiten dira. Baina Gallok gaztigatu duenez, ordainduta denean “lan baldintza kaxkarretan eta gizarte eta lan eskubide murritzekin” egiten dela. Aldi berean, eskatu du “kontuan hartzea produkzio lanen atzean zainketen eta erreprodukzio lanaren makineria beharrezkoa dela, eta horrek ahalbidetzen duela egunero lan merkatuan sartzea”. 

Funtsezkoa
Guztiagatik, 20 toki erakundeen kanpainak “feminizatu horien balioa handitzea” garrantzitsua dela dio. “Arlo publikoko eta osasuneko zaintza zerbitzuak, egoitzetako eta etxez etxeko zaintzaileak, garbiketa sektorea, supermerkatuetako langileak, gizarte zerbitzuak, hezkuntza, eta antzeko lanek erakutsi dute funtsezko esparruak direla ´bizitzek bizirik jarrai dezaten´ funtsezko eta ezinbesteko premiak asetzeko”.

Kanpaina sustatzen duten toki erakundeek diote krisiak “agerian utzi ditu batez ere emakumeen bizi baldintzak ez daudela bermatuta eta bizitzak lehentasuna izango duten eredua aldarazi beharra dagoela”. Horregatik, “pertsona guztien arteko erantzunkidetasunaren garrantzia” azpimarratu dute, “emakumeak lanaldi bikoitz eta hirukoitzetan bizi ez daitezen, zainketaz eta etxeetako bizitzei eusteaz arduratuz. Lanaren banaketa sexuala hautsi behar da, eta ordaindu gabeko lanen banaketa justurantz aurrera egin, zereginak eta zaintzak modu eraginkorrean banatuz”. Hori lortzeko, beharrezko jo dituzte zerbitzu publiko unibertsalak eta zaintza premiei erantzuteko kalitatezko zerbitzuak, enpresetako kontziliazio-politikak eta familietako kideen artean erantzunkidetasuna. Bestela, “diskriminazioa areagotuko dela ondorioztatu dute”. Ondorioz, “ bizitzea merezi duten bizitza duinak erdigunean jartzearen premia eta paradigma aldatzearen garrantzia” aldarrikatu dute, “horiek eta hauen jasangarritasunak lehentasuna izan dezaten”.