Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak jakinarazi duenez, apirila akaberan 1.078 sakandar langabezian zeuden, martxoan baino 112 gehiago. Pandemiagatik alarma-egoera martxoaren 15ean ezarri zen, eta hilabete horretan langabeziaren zifra handitu zuten sakandarrak 73 izan ziren. Beraz, azken bi hilabeteetan lanik gabe gelditu diren sakandarrak 185 dira. Urtea 887 langaberekin hasi genuen eta apirileko datuarekin konparatuz gero 191 langabe gehiago dira, baina, esan bezala, gehienak, azken bi hilabeteetan enplegu bulegora izena ematera joan direnak.
Generoari erreparatuta, 63 emakumezkok eta 49 gizonezkok eman zuten izena lana bilatzeko apirilean. Langabe sakandarren % 59,83 (645) emakumezkoak ziren eta % 40,17 (433) emakumezkoak. Adinari erreparatuz gero, erdia, % 50,37 45 urte edo gehiago dituztenak ziren (543, aurreko hilabetean baino 44 gehiago). 25 eta 44 urte artean dituzten langabeak % 39,05 ziren (421, 53 gehiago) eta, azkenik, 25 urtez azpiko langabeak % 10,58 ziren (114, 15 gehiago).
Sektoreei dagokienez, langabeen % 65,77 zerbitzuen arloan lan egin nahiko luke (709, aurreko hilabetean baino 89 gehiago). Industriako lan eskaintza onartuko luketenak % 21,89 ziren (236, 14 gehiago). Eraikuntzan lan egiteko prest zeudenak % 3,99 ziren (43, 3 gehiago). Lehen sektorean aritzeko prest zeuden % 1,79 (19, aurreko hilabeteko kopuru bera). Azkenik, aurreneko lanpostuan aritu nahi dutenak langabeen % 6,59 izan ziren apirilean (71, 6 gehiago).
Ibarreko langabeziaren % 45,55 Altsasuk du (491), Irurtzunek % 13,17 (142), Olatzagutiak % 9,28 (100) eta Etxarri Aranatzek % 8,81 (95). Sakana Nafarroako populazioaren % 3,09 izanik herrialdeko langabeziaren % 2,7 dugu.
Kontratazioa
Sakanan aurtengo lehen lau hilekoan 2.244 kontratu sinatu dira, joan den urtean garai berean baino 389 gutxiago. Apirilari dagokionez, sinatutako kontratuak 191 izan ziren, aurreko hilabetean baino 379 gutxiago eta joan den urtean baino 441 gutxiago. Kontratuen % 60,21 gizonezkoen sinadura zuten (115) eta % 39,79 emakumezkoenak (76). Kontratuen % 90,05 aldi baterako ziren (172). Apirilean zuten kontratua mugagabe bihurtu zitzaien % 7,33ri (14) eta, azkenik, mugagabeko kontratuarekin lanean hasi zen % 2,62 (5).
Kontratuen % 62,3 industrian egin ziren (119, aurreko hilabetean baino 121 gutxiago). Zerbitzuen arloan kontratuen % 32,46 egin ziren (62, 249 gutxiago). Lehen sektorean, berriz, % 3,66 (7, 2 gutxiago) eta, azkenik, eraikuntzan % 1,57 (3, 7 gutxiago). Kontratuen % 30,37 Altsasun egin ziren, % 24, 61 Lakuntzan, % 11,52 Olatzagutian, % 9,95 Urdiainen eta % 8,9 Irurtzunen. Sakanan apirilean sinatutako kontratuak Nafarroan sinatutakoen % 1,46 izan ziren.