A-1 autobideko zorua konpontzen hasi dira

Guaixe 2020ko mai. 18a, 11:17
A-1 autobian egindako trafiko desbideraketa Uberagako zubitik.

Altsasu eta Etzegarate artean gaur hasitako lanak hilabete akaberara arte iraunen dute.

Nafarroako Gobernuak gaur goizean hasi ditu Iparraldeko Autobiako (A-1) zorua berritzeko lanak. Gipuzkoako noranzkoan eginen dira lanak. Autobiako zorua bi zatitan konponduko dute, guztira 5,5 kilometro. Ulaiarko gasolindegien eta Gipuzkoarako errepideko zubiaren artean ariko dira lanak egiten aurreneko egunetan (402+635 eta 404+725 km-en artean). Ondoren porlandegiko zubiaren eta Murgilgo tunelaren artean konponduko dute zorua (396+214 eta 399+580 km-en artean). Lanak direla eta bypass bidez trafikoa desbideratu egin dute eta Burundan barneratzen den autobiaren errepidea bi norazkoetarako egokitu dute. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, lanek 750.000 euroko kostua izanen dute (BEZ barne) eta hil honen akaberan despedituko dituzte. Lanak Lurralde Kohesio Saileko Kontserbazio Zerbitzuaren programazioan jasota daude. Zerbitzu horretako teknikariek pneumatikoekin kontaktuan egoteko, materiala galtzeko eta zuloak sortzen hasteko eremuetan deformazioak antzeman zituzten. 

Konponketa-proiektuaren barruan, dagozkion itsaspen-arriskuak eta kaltetutako seinaleztapen horizontalaren birjarpena ere jasotzen dira, bai eta zonan garbiketak egiteko eta eragindako dilatazio-junturak birjartzeko beste jarduketa batzuk ere.