Pandemiari administraziotik erantzun koordinatua emateko bilera

Guaixe 2020ko mai. 19a, 11:32
Altsasuko alkatea bileran telematikoki parte hartu zuen.

Nafarroako Gobernuko, Espainiako Gobernuko ordezkaritza eta tokiko entitateetako ordezkariak bilera egin zuten atzo. Nafarroa Suspertzeko Planari begirako estrategiak koordinatu dituzte.

COVID-19 gaitzak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren aurre egitea da Nafarroa Suspertu 2020-23 Planaren helburua. Hura diseinatzeko prozesu parte-hartzaileko kontaktuen eta topaketen barnean atzo bilera izan zen Iruñean eta bertan izan ziren Nafarroako Gobernuko, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzako eta eskualdeetako eta azpieskualdeetako goiburuetako alkateak. Azken horien artean, bileran telematikoki parte hartu zuen Javier Ollo Martinezek, Altsasuko alkateak. 

Nafarroako Lehendakari Maria Txibiteren iritziz, egungo egoera gogorra izan arren, Foru Komunitateak itxaropenez ikusi behar du etorkizuna, industria, berrikuntza eta iraunkortasunaren arloko adierazle onei, osasunaren sendotasunari eta gizarte zibilaren konpromiso eta elkartasunari esker. Lehendakariak azpimarratu zuen orain bereziki garrantzitsua dela instituzioen arteko lankidetza. “Herritarrek akordioak eskatzen dizkigute, interes orokorra lehenesteko borondatea, eta erakundeak erabilgarriak izatea eta inoiz baino gehiago guztion onerako izatea”, adierazi zuen.

Txibitek gogoratu zuenez, osasun-krisiak beste bi krisi eragin ditu: ekonomikoa eta soziala. Horrek guztiak, berriz, “egin beharreko aldaketak eta eraldaketak” bultzatu ditu, eta eragina izaten ari dira “ekoizpen-ereduan, kudeaketa-ereduetan, arretarenean, lanean, lehentasun-ereduetan eta baita gobernantza-ereduetan ere”. Lehendakariak aitortu zuen egoera “oso gogorra” dela, baina Nafarroak arrazoiak izan badituela “etorkizunari itxaropenez” begiratzeko. 

Bestalde, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Juan Carlos Castillok  etapa berrian zuhurtasuna izatea eskatu zuen. Horrekin batera, Udalen esku dagoen diruzaintzako soberakina toki-eremua suspertzeko erabili ahal izatea eskatu du. Proposaturiko zenbait jarduera autonomo eta enpresendako laguntzak dira, oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzea, adinekoen egoitzei arreta berezia ematea eta osasun-arreta indartzea eta abar.

Azkenik, Nafarroa krisia hasi zenetik Gobernu zentraletik jasotzen ari den funtsen berri eman zuen Nafarroako Gobernuaren ordezkari Jose Luis Arastik: 54,7 milioi jaso zituen apirilean 58.981 langileren ERTEak finantzatzeko, 9 milioi euro 13.542 autonomorendako jarduera uzteagatik; 4,5 milioi pandemiaren inpaktua gutxiagotzeko eta 453,1 milioi ICO abaletan 4.934 enpresarendako. Horrez gain, Nafarroak 26,3 milioi euro jasoko ditu FEDER Funtsetatik osasun-arloko gastuetarako.