Ruizen aldeko mobilizazioek segitzen dute

Guaixe 2020ko mai. 21a, 12:30
Altsasuko azokan presoaren egoerari buruzko informazioa zabaldu zuten atzo.

Etxarri Aranatzn eta Altsasun presoarekin elkartasunez baraualdia egiten ari dira. 20:00etan, plazetan hitzorduak jarri dituzte.

Murtzia-II kartzelan preso dagoen Patxi Ruizek gose eta egarri grebako 11. eguna du gaur. Atzo mediku azterketa pasa zuen, baina konfiantzazko medikuak analisi sakonagoak egitea eskatu dio epaitegiari. Bitartean, presoari elkartasuna azaltzeko protestaldiek segida dute. Etxarri Aranatzen elkartasuna adierazteko hiru pertsona gose greban daude astearteaz geroztik. Etxarri Aranazko Gazte Asanblada 48 orduko txandakako baraualdia egiten hasi dira asteburuan, txandako bi kide izanen dira. Eta egunero moduan gaur, 20:00etan, plazan kontzentrazioa izanen da eta ondoren manifestazioa.

Altsasun atzo azokan informazioa banatu zuten txandakako gose greba dauden pertsonek. Arratsaldean auto karabana egin zen eta 20:00etan manifestazioa. Gaur, 13:00etan, bi egunez baraualdia egin duten lau pertsonek lekukoa beste bost pertsonei pasako diete. Gainera, 20:00etan egunero protesta egiten dute. Gaur eltze-jotzea izanen da.