Hezkidetzan eta berdintasunean hezteko programari segida emanen diote

Guaixe 2020ko mai. 21a, 18:47
Joan den urtean "Hezkidetzan hezi, berdintasunean bizi" programaren barruan antolatutako saioa. Utzitakoa.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak 'Hezkidetzan hezi, berdintasunean Bizi' programaren lehen hitzaldia antolatu du ostegunerako, 17:30ean, Zoom plataformaren bidez.

Haurren sexualitateak lantzeko hitzaldia antolatu du Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak Hezkidetzan hezi, berdintasunean Bizi programaren barruan. “Jendartean balioen aldaketan eragiteko helburuz”, jarri zuen martxan Berdintasun Zerbitzuak programa hori joan den urtean. 2019an familiendako 3 hitzaldi eta hezitzaileendako tailer bat antolatu ziren eta “Hezkidetza eta tratu onen” inguruko hitzaldietan haurren bide lagun direnen aldetik jasotako proposamenetako bat hezkuntza afektibo sexuala lantzearen premia izan zen. 

Aurten, eta egoera berrira moldatuz, guraso edo haurren bidelagun direnendako hitzaldi bat antolatu du Berdintasun Zerbitzuak. Haurrak eta sexualitateak izenburuko hitzaldia emanen du Edurne Mendizabal Tolosak, soziologian lizentziaduna eta sexologian aditua denak. Hitzaldi telematikoa izanen da, Zoom plataformaren bidez eginen dena. Hitzaldiak 30 minutu iraungo ditu eta beste 30 minututan galderak egiteko aukera izango da.

Hitzaldian presente izan nahi duenak aurretik izena eman beharra du. Horretarako, berdintasuna@sakana-mank.eus e-posta edo 660 384 328 telefonoa erabil ditzake. Norberaren izen-abizenak, e-posta, telefono zenbakia eta haurren adina (guraso zein bidelagun izan) eman behar dira. Saioa hasi baino 15 minutu lehenago Mank-etik hitzaldia jarraitzeko lotura bidaliko da. Aurretik galderak bidali nahi dituenak aipatu e-postara bidal ditzake, eta anonimotasuna bermatuko da.

Prozesu berria martxan 
Berdintasun teknikari Oihana Gallo San Romanek esan digunez, “konfinamenduak eta ez-ohiko egoera honek harremanetan eta elkarbizitzan konplikazio ugari ekartzen dituela argi dago. Behar horiei erantzuteko hainbat proposamen edota horiekin egiteko ibilbidea martxan dugu. Osteguneko hitzaldia horren hasiera izanen da”. 

Gallok azaldu digunez, prozesu horri Itxialditik komunitatea zaintzera izena jarri diote. Eta aipatu hitzaldiaz aparte beste bi hitzaldi praktiko aurreikusi dituzte: Behar indibidualetatik, behar kolektiboetara eta Zaintzak berrantolatzen. “Horregatik, izen ematerakoan lehen hitzaldian parte hartzeko edo hiruetan parte hartzeko interesa adieraztea eskertuko genuke”.