Hondakin Zerbitzua bere onera bueltatzen hasiko da

Guaixe 2020ko mai. 28a, 10:42
Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitza.

Garagarrilaren 1ean atez ateko bilketa betiko martxara bueltatuko da, 8an garbigune mugikorra eta Emausko trapuketariak. 

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuari ere eragin zion eta behar bezalako zerbitzua bermatzeko hainbat aldaketa egin behar izan zituen. Alarma-egoera arintzen ari den neurrian, Sakanako Mankomunitateak hondakin bilketak bere onera bueltatzea erabaki du. Astelehenean atez ateko bilketa beti bezala eginen da sistema hori duten zazpi herrietan. 

Garagarrilaren 8an, berriz, herriz herri ibiltzen den garbigune mugikorraren zerbitzua bueltatuko da.  Emausko Trapuketariak ere egun horretan hasiko dira etxez etxeko bilketa egiten. Emausko Trapuketarien zerbitzua nahi dutenek dagoeneko Sakanako Mankomunitatean eskatu dezakete hitzordua. Horretarako, 948 46 48 67 telefonora hots egin edo Mank-en web orrian galdetegia bete behar da. 

Azkenik, bakarren batek tamaina handiko hondakinak baldin baditu Arbizuko hondakindegira eraman ditzake, astegunetan, 09:00etatik 14:00etara. Eta auzo-konpostagailuak, momentuz, itxita segituko dute.