Ruizen alde mobilizatzen

Guaixe 2020ko mai. 25a, 12:01
Arbizun egindako kontzentrazioa. Argazkia: @arbizukoGA

Asteburuan Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun egin dira mobilizazioak.

Murtzia-II kartzelan preso dagoen Patxi Ruizek 15. gose greba eguna du  gaurkoa. Epaitegiaren auto baten ondorioz, presoa Murtziako ospitale batera eraman zuten joan den ostegun gauean. Alta boluntarioa hartu zuen presoak eta kartzelatik atera zenez, COVID-19 gaitzaren prebentzio protokoloari segituz kartzelako erizaindegira eraman zuten. 11 egunez gose eta egarri greban egin ondoren, Ruizek egarri greba utzi eta gose greban segitzen du. 

Hiru etxarriar daude gose greba mugagabean asteartetik. Eta haiekin batera txandakako baraualdia egiten ari dira Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako kideak, 48 orduko txanda bakoitzean bi gazte ari da protestan. Altsasun ere txandakako gose greba egiten ari dira. Lau pertsona hasi ziren, ostiralean haiei beste bostek hartu zieten lekukoa eta orain beste bost altsasuar daude Ruizen aldeko ekimenean parte hartzen. Ordu batean txanda aldaketa izanen da eta lau izanen dira lekua hartuko dietenak. Elkartasun baraualdia gaurtik aurrera 24 orduko txandakoak izanen da. 

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak jakinarazi duenez, etxarriar batek gose grebari ekin zion Mexikon ostegunean. Etxarri Aranatzen eta Altsasun egunero kontzentrazioak egiten dira plazan 20:00etan. Arbizun larunbat eguerdian kontzentrazioa egin zen eta arratsaldean manifestazioa. Gainera zazpi arbizuarrek egun osoko baraualdia egin zuten. 

Bestetik, Sakanako Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak eta Etxarriko Gazte Asanbladak salatu nahi dute, Etxarri eta Altsasuko plazan egunero egiten diren kontzentrazio, kotxe karabanak eta manifestazioak grabatzen dabilela Guardia Civila. Altsasuko Gazte Asanbladak, betsalde, jakinarazi du informazio esku-orriak banatzen ari ziren sei pertsona identifikatu zituztela ostegunean eta isunekin mehatxatu zituztela. AEMtik adierazi dutenez, “oztopo, traba eta mehatxuen gainetik, Ruizekiko elkartasuna plazaratzen tinko jarraituko dugu”. Aldi berean, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.