Koronabirusa Sakanan

Sakanako udalak udako festen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Gutuna 2020ko mai. 26a, 11:53

Sakanako ikuspegia Ergatik.

Irurtzun, Arakil, Irañeta, Uharte-Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri-Aranaz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordiko udalen ohar bateratua. 

Otsailean herri guztietako ihauteriak lasaitasunez eta giro onean pasa genituenean, ez genuen inork udaberriak ekarriko ziguna espero. Baina udaberriak orain arte ezagutu ez dugun egoera bat ekarri zigun, mundu mailako pandemia bat. Etxean pasa behar izan ditugu udaberriko hilabeteak, eta etxetik ospatu ditugu Maiatzak, Maiatzeko Gurutze festak edota San Isidroak. 

Udan sartzera goaz eta egoerak onera egin badu ere, pandemiak hor dirau, eta etxean erabat itxita ez gauden arren, gure arteko 2 metroko distantziak mantendu behar ditugu. Bizitzak aldatu dizkigun osasun egoera honek luze iraungo duela dirudi. 

Egoera horren aurrean, Sakanako Udalek ez ohiko neurriak hartu ditugu, eta udari begira ere horrela jarraitu beharko dugu. Sakanako herri guztietan udako festa guztiak orain arte ezagutu ditugun moduan ezingo ditugula egin jakinarazten dugu. 

Horren aurrean, herri bakoitzak erabakiko du festak izatekoak ziren egunetan zer egin. Eta horretarako herri bakoitzak bere bidea egingo du, kultur kontseiluaren bidez, festa batzordearen bidez, edota eragileekin. 

Osasuna da garrantzitsuena, elkar zaintzeko unea da.