Irauten

Erabiltzailearen aurpegia Saats Karasatorre Martinez eta Maialen Pelaez Letona 2020ko maiatzaren 29a

Haize ufadek higatutako harria irudikatu genezake, denborak goroldioz estalia. Barruko ur tanta izoztuek zartarazi duten zulodun harkaitza. Higadura kanpotik nola barrutik baitatorkio gure hizkuntzari, higadura zital eta nekagarria; harria zutik irautera zigortzen duen ditxosozko higadura. Irautera, besterik ez.

Haize-lasterra Iruñeko Udalaren Ordenantza berriaren baitan, zirimola Sakanako Lanbide Heziketako institutuan euskaraz ikasi nahi lukeenaren barruan. Tanta bat, Iruñerriko guraso euskaldun baten buruhaustea; beste tanta bat, Antsoaingo haur eskolan atzera; isuna Bilbon, beste bat; Covidaren inguruko jarraibideak gaztelera hutsean eskola orotara, jarioa oraingoan. Euskarazko hitzei borrarekin erantzuten dien polizia bat Durangon, ttak, UEMAko kartel zirrimarratua Etxarrin, ttak, ttak, ttak...

Pentsatu dezagun; zenbaterainokoa da hizkuntzaren garrantzia gutako bakoitzarentzat? Prest ote gaude eraso horiei erantzun bat emateko? Edo iraute hutsean indarrak batzen jarraituko ote dugu? Ea higadura higidura bilakatu dezakegun…