AHT proiektuak “arduragatik” bertan behera uztea exijitu dute

Guaixe 2020ko mai. 28a, 11:17
Osasun arloko langileak eta AHTren kontrako mugimenduko kideak izan ziren manifestuaren aurkezpen prentsaurrekoan.

Hego Euskal Herriko makina bat eragilek bat egin dute “Orain Ardura” manifestuarekin, erakunde eta administrazio publikoei AHT proiektuak gelditzeko eskatuz. www.orainardura.wordpress.com web gunearen bidez bat egin daiteke manifestuarekin.

“Pairatzen dugun gaixotasunaren aurka egiten den leku esanguratsua” aukeratu zuten Orain ardura manifestua aurkezteko: Nafarroako Ospitale Gunea. Sira Garcia erizainak eta Patxi Bisquert aktoreak eman zioten ahotsa agiriari, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako herri mugimenduak sustatuta eta Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalaren, mugimendu ekologistaren, feministaren, kultura arloko eragileen eta auzo eta herri ekimeneko eragileen babesa jaso duena dagoeneko.

Bozeramaileek adierazi zutenez, “bizi dugun egoera honetan, arduraz jokatzeko eskaera da luzatu nahi dugu. Pertsonen osasuna eta bizi baldintzak kolokan diren momentu honetan, baliabideak berauen ongizatea bermatzeko izan daitezen eskatzen dugu”. Nabarmendu zutenez, “osasun eta zerbitzu publiko guztietan murrizketak izan direlarik, azken urteetan eman den osasun-krisi handienetako batek  COVID-19aren heriotza-tasan munduko lehen postuetan jarri gaitu. Aldi berean, langabezi-tasa etengabe hazten ari da”. Horregatik, “ezinbestekotzat” jo dute “adreiluan eta hormigoian oinarritutako iraganeko politika ekonomikoak bertan behera uztea eta iraganeko akatsak ez daitezela errepikatu”. Aldi berean, “diru publikoaren kudeaketan logika soziala” aldarrikatu dute.

Manifestua
Aurkeztutako idatzian jaso denez, “AHT moduko azpiegitura handietan, inbertsio erraldoiak egiten diren bitartean bizitzarako oinarrizkoak diren hainbat alorretan murrizketa handiak egitea”, esaterako, Osasunean eta Gizarte Zerbitzuetan ondorioak ditu: “ospitaleak gainezka, osasun-langileen txanda bikoizketak, hiltegi bilakatu diren adinekoen egoitzak, bakardadean hil den jendea, bat-batean ospitaletan eraldatutako hotelak, beraien etxeetan maskarak fabrikatzen ari diren emakume ugari…”

Horregatik aldarrikatzen dute “ezinbestekoa” dela “pertsonen bizitzari eta elkarren arteko zaintzari eusteko beharrezkoak diren enpleguen garrantzia azpimarratzea”. Zaintza arloak feminizatuta daudela ere gogorarazi dute. Ez dute nahi AHTko lanak aurrera jarraitzea “pertsona denondako bizimodu duin baterako beharrezko zerbitzu publikoak” bermatzen ez diren bitartean. Hori dela eta, “AHTko inbertsio ekonomiko osoa premiazkoak diren alorretara bideratzea” eskatu dute. 

Aldi berean, agintariei “zuhurtzia” eskatu diete. “Aurreikusten den krisialdi larriaren” aurrean “AHTren obrak berehala etetea eta bere proiektu berriak bertan behera uztea” eskatu dute. Horrekin batera, “egun daukagun ohiko tren sarea mantentzea eta hobetzea bultzatzen dugu guztiontzako moduko garraiobidea izan dadin; herriak, hiriak eta industrialdeak elkar komunikatzen dituena, pertsonak zein merkantziak garraiatzen dituena, zonalde oro komunikaturik egotea bermatzen duen lurralde antolaketan oinarritzen dena eta ekonomikoki edonorentzat eskuragarri izango dena”.

Momentuz atxiki diren sakandarrak
Bidelagun, Sakanako turismo elkartea; Sakanako gazte asanbladak; Patxi Bisquert Manterola aktorea; Iñigo Goikoetxea musikaria.

 

Emandako adibideak
Inbertsioak 
5.000 milioi euro  Castejon-Iruñea arteko lanetan orain arte gastatutakoa. 
15.000 milioi euro Hego Euskal Herrian eraikitzeko falta diren tren proiektuen aurrekontua. 

Alderaketak, AHT metroak eraikitzea 
100 metro = 3 milioi euro. COVID-19agatik Eusko Jaurlaritzak autonomoendako bideratutako laguntzak. 
83 metro = 2,5 milioi euro. COVID-19agatik Eusko Jaurlaritzak kultura alorreko profesionalei bideratutako laguntzak. 
656 metro = Nafarroako Ospitale Guneko Laborategi Bateraturako eraikina. 
Gasteiz eta Iruñea arteko AHT = Eibarrekoaren moduko 32 ospitale.  

Mundu mailako liderrak 
Japonia, Alemania, Frantzia eta AEBen aurretik, espainiar estatua da munduan AHT km gehien duen herrialdea. Baita km bakoitzeko bidaiari-ratio txikiena duena. Hego Euskal Herrian iragarritako AHT tarte guztiak eraikiko balira espainiar estatuaren bikoitza izatera iritsiko litzateke milioi biztanleko km ratioa.