Patxi Ruizen aldeko kontzentrazioek segitzen dute

Guaixe 2020ko mai. 28a, 10:32
Patxi Ruiz.

Gose greban den Patxi Ruiz presoari elkartasuna adierazteko mobilizazioek segida izanen dute gaur, Etxarri Aranatzen eta Altsasun.

Ruizek 18 egun eginen ditu gose greban gaur. Hari babesa adierazteko Etxarri Aranatzen, 20:00etan, kontzentrazioa izanen da. Gazte asanbladako kideek 48 orduko txandakako baraualdia egiten ari dira, binakako txandetan.

Altsasun, berriz, egunero lauko txandetan baraualdia egiten ari dira. Gaur, gainera, 11:00etan, supermerkatuetan informazioa banatuko dute. 18:00etan hitzaldia izanen da eta 20:00etan, plazatik abiatuko den manifestazioa izanen da. Atzo udaletxe parean kontzentrazioa egin zuten eta Guardia Civilaren patrol bat Foru plazan izan zen, kontzentratuengandik 10 metro eskasera. Bi agente ibilgailutik kanpo egon ziren. 

Bestetik, bihar arratsaldean, Altsasuk Ruizen aldeko Sakanako akanpada eta baraualdia hartuko ditu, 18:00etatik aurrera. Larunbatean bukatuko dira bata eta bestea manifestazio batekin.