"Legeak esaten du 50 langile baino gehiago dituzten enpresek berdintasun plana izan behar dutela. Han ezarritako akzioak betetzen ez baditugu zigorra jaso dezakegu. Gure anbizio handiko helburua da emakumezkoak kontratatzea; mantenu edo automatizazio graduetakoak, ingeniaritzak… Guk esperientzia eta ikasketak dituzten langileak behar ditugu eta ez ditugu asko opatzen. Curriculumetan horri erreparatzen diogu. Ez dugu begiratzen ez izen-abizenik ez generorik". Altsasuko Iberica de Suspensiones enpresako lan harremanetarako teknikari Olatz Millan Cuartangoren azalpenak dira goikoak.
"DBHn ez nengoen gustura eta aitak Lanbide Heziketan mekanizatuko erdi zikloa egitera animatu ninduen. Bukatzean, lanik ez zegoenez, mantenuko goi zikloa ikasi nuen. Hura bukatuta lanean hasi nintzen eta gaur arte. Mekanizatuko goi zikloa ere egin nuen. Oso ongi egon nintzen Sakana LH institutuan eta beste ikasketaren bat egitea ez dut baztertzen". Yurena Arizaga Moran mekanizatuko bi enpresetatik eta Altsasuko Kooperatibatik pasa ondoren gaur egun Sunsundeguin autobusetako ateak irekitzeko eta ateratzeko sistemak muntatzen ari da. Enpresan bertan, soldaduran, emakumezko gehiago daudela jakinarazi digu.
Askatasunez aukeratu
Cederna-Garalurreko Susana Mendinuetak gaztigatu duenez, "jaiotzen garenetik etengabe esaten digute sexu bakoitzak zer duen berezkoa. Familian, ikastetxean, gizartean, telebistan, prentsan, liburuek mezu esplizituak edo subliminalak jaurtitzen dituzte, eta horrek pentsarazten digu lanbide guztiak ez direla egokiak emakumeendako. Faktore hori mugatzailea da, gure aukera-sorta ixten duelako, eta ez gaitzailea, lanbide maskulinizatuetan lan egiteko gaitasunik ez izatera eramaten gaituelako".
Horren guztiaren ondorioa da ikasketak bukatu eta beren kategoria profesionalari egokitzen den lanik aurkitzen ez duten neska unibertsitario eta profesionalak daudela Sakanan. Horregatik, Mendinuetak ikasketak aukeratzeko garaian "generoko oztopo mentalak apurtzera gonbidatu" ditu emakumezkoak; "baita zuen lanbide aukerak berez femeninoak diren lanbideetara mugatzen dituzten diskurtsoak eta haiek bezala lanean ikusteko gaitasunik gabe uzten gaituztenak ere".
Sakana Lanbide Heziketa institutuko soldadura irakaslea da Berta de Pablo. Berak aitortu duenez, "emakumezkoen matrikulazioa ziklo 'maskulinizatuetan' oso txikia da oraindik, enpresek kontratazio-arloan lan handia egiten duten arren. Eta ez dugu ulertzen, ziklo horietan izan ditugun neskak gustura egon baitira eta ofizioa gustatu baitzaie". Horregatik, De Pablok emakumezko sakandarrak animatu ditu "klixe horiek gainditu eta lanbide-heziketan matrikulatu daitezen, batez ere lan-irteera handia duten industria-ziklo horietan. Horiek bukatu dituzten ikasleak, %100, gaur egun sektorean lanean ari dira edo prestakuntza jasotzen ari dira".
Soldadura irakasleak azaldu zuenez, Lanbide Heziketako institutua "zentro dinamikoa" da, "eta etengabe ari gara prestakuntza teknikoa, giza prestakuntza eta gure hezkuntza-eskaintza bailarako lan-beharretara eta gizarte-beharretara egokitzen". Enpresekin eta ibarreko ikastetxeekin etengabeko harremana dutela gaineratu du. Baita Berdintasun Legea eguneroko lanean barneratua dutela.
Lege tresnak badaude
Altsasuko Enplegu Agentziako Migel Angel Jorgek datuak eman ondoren esan zuenez, "bistan da emakumeei gehienetan aldi baterako kontratuak egiten zaizkiela. Horrek, jakina, prekarietate handia dakar". Gaineratu zuenez, "lanean segitzen dugu pertsona guztiek, haien sexua edozein dela ere, aukera berberak izan ditzaten lanpostu batean hasten direnean".
Sakanako Mankomunitateko presidente David Orozek azpimarratu duenez, "emakumezkoak gure industria-sareak eskatzen dituen profil teknikoetan trebatzea ere garrantzitsua da. Alde batetik, bertan ikasiz guztion artean eskualdeko garapenean eragiteko eta, bestetik, emakumeen lan baldintzak hobetzeko". Lan ildo horri segida emateko konpromisoa hartu du Mank-ek eta lan taldea sortzeko gonbidapena egin du.
Altsasuko alkate Javier Ollok aitortu duenez, "badakigu proposamen konplexua dela, eta Sakanako neska eta emakumeei ez ezik, lan-ingurune osoari egin behar zaiola deia, hau da, enpresaburuei, langileei eta haien lan-ordezkariei, bai eta familiei ere; izan ere, beharrezkoa da familiek mezu hori barneratu dezaten eta alde batera utz ditzaten hainbat aurreiritzi eta estereotipo, hain zuzen ere, mutilak nahiz neskak genero ikuspegia duten lanbideak aukeratzera eramaten dituztenak". Ollok berdintasun politikek egindako bidea aprobetxatzen jakitea garrantzitsutzat jo du.
Datuak
Langabezia, apirila
• Gizonezkoak 433, %40,17.
• Emakumezkoak 645, %59,83.
Kontratuak, 2019
• Gizonezkoak 4.412, %52,78.
• Emakumezkoak 3.947, %47,22.
2019an mugagabe hasi eta hala mugagabe bihurtutako kontratuak
• Gizonezkoak 437, %66,01.
• Emakumezkoak 225, %33,98.
Institutuaren eskaintza
Goi mailako zikloak:
Industria Mekatronika.
Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).
Erdi mailako zikloak:
Mantentze-lan elektromekanikoa.
Soldadura eta galdaragintza.
Araubide bereziko kirol ikasketak bai mendi ertaina bai eskalada.
Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).
Oinarrizko Lanbide Heziketa
Merkataritza zerbitzuak.
Ziurtagiriak
Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.
194 ikasle
165 gizonezko eta 29 emakumezko.