Establezimenduen esku euskarazko kartel sorta

Guaixe 2020ko mai. 29a, 10:28
Olaztiarrak kalean hizketan. Artxiboa.

Koronabirusari aurre egiteko prebentzio neurrien berri ematen duten kartel bereziak, euskaraz edo elebitan, Sakanako Mankomunitatearen web gunean deskargatu daitezke. Kartel proposamenak euskara2@sakana-mank.eus e-postan egin daitezke

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak koronabirusaren aurkako prebentzio neurrien kartel bereziak editatu ditu, ibarreko denda, ostalaritza establezimenduetan eta zerbitzuetan erabil ditzaten. Euskara Zerbitzua Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearekin (SDOZE) elkarlanean landu ditu kartel horiek. Izan ere, elkarteak establezimenduen beharrak identifikatzen eta errotuluak zabaltzen lagundu du. Kartelak euskara hutsean edo elebitan egin dituzte eta Mank-eko euskara zerbitzuaren web gunetik deskargatu daitezke. 

Bakoitzaren bi bertsioekin, 11 kartel sortu dituzte. Gehien bat segurtasun neurriekin edo funtzionamendu berriarekin lotura duten kartelak dira: errespetatu segurtasun-tartea, gehienezko pertsona kopurua, eskularru edo maskararen erabilera, ez ukitu, eskuak garbitu, erabili txartela, txanda eskatzeak, eramateko janaria… Egoera aldakorra denez, establezimenduren batek beste kartelen baten premia baldin badu euskara2@sakana-mank.eus helbidean eska dezake. Euskara Zerbitzuak eta SDOZEk mezu positiboa emateko beharra ere ikusi zuten, eta hortik etorri da “Denen arten lortuko dugu!” dioen kartela. 

Bai Sakanako Mankomunitateakbai SDOZEk “koronabirusak sortutako krisiari bertatik eta bertakotik aurre egin behar zaiola sinesten” dute. Horregatik, Mank-ek kartelak sortzeko laguntza eskaini die tokiko establezimenduei. Aldi berean, establezimenduei haien komunikazioetan bertako hizkuntza, euskara, erabiltzeko deia egiten die. Euskara gure bereizgarri da eta gertutasuna ematen dio zerbitzuari.  

Establezimenduendako doako zerbitzu gehiago
Euskara Zerbitzuak aspaldi du martxan Merkataritza euskaraz kanpaina. Kanpainaren helburua Sakanako denda, taberna, jatetxe eta zerbitzuetan euskararen erabilera eta presentzia handitzea da (kartelak, errotuluak, webguneak, sare sozialak…). Horretan laguntzeko asmoz, Euskara Zerbitzuak zenbait produktu eta zerbitzu eskaintzen dizkie dohainik ibarreko establezimenduei. 

Alde batetik, establezimenduendako hainbat kartel estandar daude (ordutegia, Irekita/Itxita, Ez erre, Erreklamazio orriak daude, Tabernetako araudia…). Bestetik, Mank-ek doako itzulpen zerbitzua du. Testuak itzulpenak@sakana-mank.eus helbidera bidali behar dira. Ohar motza bada, argazkia atera eta Whatsapp-ez bidali daiteke 608 007 802 telefonora. Azkenik, euskarazko errotuluendako diru-laguntza dago. Dendako errotulu nagusia, kotxekoa, toldoa… euskaraz jartzen dutenei kostuaren erdia pagatzen zaie eta elebitan jartzeagatik laurdena. Deialdi horren oinarriak Mank-en web-orrian daude. Argibideak eskatzeko edo eskaerak egiteko euskara2@sakana-mank.eus helbidean edo 948 464 840 telefonoan.