Ruizen alde mobilizatzera deitu dute

Guaixe 2020ko mai. 29a, 12:50

Patxi Ruizen alde Altsasun egindako elkarretaratze mugikorra.

Egunero, 20:00etan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Sakanako akanpada eta egun bateko baraualdia hasiko dira gaur 18:00etan Altsasun. 

Murtzia-II kartzelako erizaindegian gose grebako 19. eguna egin du Patxi Ruizek (aurreneko 12 egunetan ere egarri greba egin zuen). Ruizek espetxean bere integritate fisikoa bermatzea eskatzearekin batera, kartzelarien mehatxu, jipoi eta irainen bukaera eskatu du. Bera eta gainerako euskal presoak Euskal Herrira lekualdatzea exijitu du. 

Presoari elkartasuna adierazteko Etxarri Aranatzen eta Altsasun egunero, 20:00etan, kontzentrazioak egiten ari dira. Horretaz aparte, Etxarri Aranatzen hiru pertsona gose greban egon dira aste pasa, eta txandakako 48 orduko baraualdia eginez gazte asanbladako bi kidek lekukoa hartu diete. Bestalde, etxarriar bat gose greba egiten ari da Mexikon hilaren 21etik. Azkenik, Altsasun 24 orduko txandakako baraualdia egiten ari dira egunero lau pertsona. Gaur Sakanako akanpada egunari eta egun bateko baraualdiari hasiera emanen diote 18:00etan. Bi ordu geroago giza katea eginen dute eta 22:30ean zine txiroa izanen da. Larunbatean, berriz, 11:00etan, informazioa banatuko dute. 13:00etan bakarlarien saioak izanen dira eta, bukatzeko, 18:00etan, manifestazioa eta ekitaldia eginen dituzte. 

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak biharko nazio mobilizazio eguna deitu du. Ruizen egoera salatzearekin batera amnistia aldarrikatuko da biharko deialdietan.Herri eta eskualdeetan deialdiak egin ditu eta arratsaldean hiriburuetan eginen diren mobilizazioetara joateko deia egin du. Iruñean, 20:00etan, Gaztelu plazan jarri dute hitzordua.