Hileko azken ostiralarekin bueltatzen dira Etxerat-en kontzentrazioak

Guaixe 2020ko mai. 29a, 13:05
Euskal presoen alde Etxarri Aranatzen egindako kontzentrazioa.

Gaur, 20:00etan, Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranazko plazetan. Kontzentrazioak egiterakoan “egungo egoerak eskatzen duen arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko” eskatu du Etxerat elkarteak.

Pandemiak eragindako bi hilabete eta erdiko etenaren ondoren, euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak ostiraletako kontzentrazioei helduko die berriro. Etxerat-eko kideek “Espainia eta Frantziako gobernuei eta espetxe administrazioei salbuespena behingoz alde batera uztea” eskatuko diete. Hau da, “gehiago itxaron gabe, gaixo dauden presoak eta 65 urtetik gorakoak askatzea eta euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekartzea, orain arte egin ez badute ere, krisiaren fase honetan posible eta ezinbestekoa delako”. 

Etxerat-etik ere jakinarazi dute Sare Herritarraren Izan Bidea dinamikarekin bat egiten duela, preso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea emateko pausoak eman, jendartearen aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasun eta zabaltasuna batzea helburu duena. "Finean, bakerako eta elkarbizitzarako bidea, konponbidea, guztion artean gauzatu beharreko ibilbide gisa gauzatzea da gure asmoa". Horretarako, herritarren aktibazioa eta baita alor politiko, sindikal eta sozialaren inplikazioa eta parte hartzea bide beraren baitan kokatu asmo dugu, guztion urratsak beharrezkoak direlako etorkizun hobe bat eraikitze bidean.

Sarekideen iritziz, "orain da momentua: datozen urteetan presoen egoerari aterabidea eman behar diogu. Auzia konpontzeko aukera ireki da eta egun bizi dugun egoerak inoiz baino argiago utzi du espetxeetan bizi den egoera eta salbuespen legediak dakartzan ondorio krudelak.

Horretarako, "gizarte aktibazioa handitu eta zabaldu" nahi dituzte, "gobernuek abiatutako bidea finkatu eta oraindik orain irtenbide beharrean dauden auziak konpontzeko. Horretarako, iraganeko zauriak konpontze bidean ere urratsak emango ditugu". Sarek kilometroen kontadorea martxan jarriko du gaur, herrietan.