Enpresetan lapurtzen zuen taldea atxilotu dute

Guaixe 2020ko eka. 1a, 15:44
Miaketetean ertzainek atzemandakoa. Argazkia: Ertzaintza.

Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak elkarrekin egindako ikerketaren ondorioz izan da. Altsasuko polizia-etxeko patruila batek susmagarrien autoa identifikatzea ezinbestekoa izan zen. Sakanan ez zuten lapurtu.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, "Durad" izeneko operazioan zazpi pertsona atxilotu zituzten Iruran, Andoainen eta Iruñean joan den ostegunean eta ostiralean. Taldeko beste bi kide ikertu gisa daude eta hamargarren pertsona Martuteneko kartzelan zegoen eta baimenak lapurretetan parte hartzeko baliatzen omen zuen. Guztira 10 pertsona auzipetu dituzte. Polizia iturrien arabera atxiloketa horiekin ustezko talde kriminala desegin dute. Bere partaideei enpresetan indarrez egindako 28 lapurreta egotzi diete, haietako sei Nafarroan, baina ez Sakanan. 

2019ko bigarren seihilekoan indarra erabiliz egindako lapurretak areagotu egin ziren enpresetan, eta urte akaberan ikertzeari ekin zion Ertzaintzak. Sei hilabeteren ondoren  ikertzaileek nahikoa informazio lortu zuten enpresa eta gasolina-zerbitzuguneetan indarrez egindako 28 lapurreta egozteko, horietako 20 Gipuzkoan, 6 Nafarroan eta bana Araban eta Bizkaian. Foruzaingoak jakinarazi duenez, operazioa aurrera eramateko ezinbestekoa izan da Altsasuko polizia-etxeko patruila batek susmagarrien ibilgailua identifikatzea. 

Tolosako Instrukzioko 2. Epaitegiak atxilotuetako bat kartzelara bidali zuen ostiralean eta gainerakoak karguekin aske gelditu ziren, hala eskatzen zaienean, epailearen aurrean agertu beharko dute. Ikertzaileek atzemandako ebidentzia guztiak aztertzen jarraitzen dute taldeak beste lapurreta batzuk egin ote dituen jakiteko.