Pilota

Aspek uztailaren 1ean itzuli nahi du

Guaixe 2020ko eka. 2a, 11:48
Ezkurdia eta Altuna.

Irungo Udalak San Martzialetako pilota jaialdia antolatu nahi du eta Udala eta Aspe negoziaketetan omen daude

Pilota profesionalaren buelta uste baino gertuago legoke. Gara egunkariak gaur azaldu duenez, Irungo Udala eta Aspe negoziaketetan daude, uztailaren 1ean San Martzialetako pilota jaialdia antolatzeko, eta negoziazioak bide onetik doaz. Hori baieztatuko balitz, COVID-19ak ekarritako geldialdiaren ondotik lehendabiziko pilota profesionaletako jaialdia hartuko luke Irunek, uztailaren 1ean. Gauzak ongi, Irun uztailaren 1ean konfinamendua arintzeko 3. fasean legoke, eta frontoian ikusleak bildu ahalko ziren, aforoaren herena gutxienez. Garak gaineratu duenez, Aspek bere izarrak eramango lituzke jaialdira, eta partida nagusian Joseba Ezkurdia eta Altuna III.a aurkariak izango lirateke. Jakina, bete beharreko segurtasun neurri guztiak beteko lituzke jaialdiak.  Negoziaketek fruitu ona duten aurki ikusiko da. 

Hiru egun lehenago, ekainaren 28an, Irungo Urantzu pilotalekuan Binakako Emakume Master Cupeko finalak jokatuko direla aurreikusten da. 

Pilotariak bere kontura dabiltza entrenatzen
Aspek eta Baiko Pilotak pilotari profesionalen buelta erabakitzen duten bitartean –badirudi Aspe kantxetara ahal bezain pronto bueltatzearen aldekoa dela eta Baiko zuhurrago dela–, pilotariek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean jarraitzen dute eta bere kabuz entrenatzen ari dira, balizko bueltarako ahalik eta sasoitsuen egoteko asmoz.