Atzo Gara egunkarian argitaratutakoa berretsi du EITBk: uztailaren 1ean itzuliko da pilota profesionala, asteazkenean, Irungo San Martzialetan. COVID-19 birusak guztia gelditu zuenetik lehen jaialdia izango da Irungoa. EITBk gaineratu duenez, Aspe eta Baiko enpresak eta Irungo Udala harremanetan daude jaialdiaren nondik norako guztiak aztertzeko eta segurtasuna bermatze aldera berme guztiak eskaini ahal izateko, baina bi gauza aurreratu daitezke: ez da ateak itxita jokatuko, ordurako aforoaren %50 betetzeko aukera egongo delako, eta bi enpresetako pilotariek osatutako bikote mistoek jokatuko dute.
Martxoaren 8an jokatu zen pelota profesionaleko azken partida, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako 1. jardunaldiko 2. partida, Bilbon. Olaizola II.ak eta Urrutikoetxea ordezkatu zuen Arangurenek 22 eta 10 irabazi zieten lasori eta Albisuri. Bezperan, Labriten, Ezkurdiak eta Martijak 22 eta 16 hartu zituzten mendean Jaka eta Zabaleta. 3 hilabete eta 3 aste geroago itzuliko dira pilotariak lanera, Irungo San Martzialetako jaialdiarekin, baina despeditzear zegoen Binakakoarekin eta hastear zegoen Banakakoarekin zer egingo duten erabaki beharko du EPEL-ek (Esku Pilota Enpresen Liga).
Hurrengo astean taldeka entrenatu ahalko dute
Pilotariek Aldi Baterako Lan Erregulazioan jarraitzen dute, baina hurrengo orduetan enpresekin elkartuko dira euren asmoen berri izateko. Bestalde, hurrengo astetik aurrera taldean entrenatzeko aukera izango dute pilotariek eta badirudi, gutxika bada ere, argi izpiak ateratzen ari direla.