COVID-19 birusaren pandemiak ekarritako osasun krisiak eta Espainiako Gobernuak erabakitako alarma egoerak aurrera jarraitzen dute, baina konfinamendua arintzeko neurriek aldaketak ekarri dituzte eta gutxika bada ere, txirrindularitzan mugimendua sumatzen da. Txirrindulariak errepidera bueltatu dira entrenatzera eta badirudi txirrindulari lasterketak bueltatzeko atzerako kontaketa martxan dela. Nafarroako Txirrindularitza Federazioko webguneko lasterketen egutegian sartuz gero, ekainaren bukaerara bitarteko lasterketak bertan behera edo atzeratuta daudela jasotzen da, baina epe horretatik aurrera ondorengo lasterketak aurreikusi moduan iragartzen dira. Dena den, lasterketa horiek eginen diren oraindik ez dago ziurtatzerik.
Mugimenduak
Sakana Group-Aralar Txirrindularitza Taldeko jubenilen taldeko Eddi Cerviño entrenatzaileak aipatu duenez, egutegia oraindik airean dago, baina federazioak “mugitzen” ari dira. “Oraindik ez digute data eta lasterketen berri zehatzik eman, baina Nafarroako Federazioa ekainaren bukaeratik aurrera aurreikusitako lasterketak antolatuko dituzten ari da klubei galdezka. Entzun dugu ekainaren 28an Tafallak emakumezkoen lasterketa antolatzeko baiezkoa eman duela, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako federazioak ere martxan hasi nahi dutela. Gutxika, baina mugimendua nabari da” azaldu du Cerviñok.
Hala ere, oraindik ez dago erabaki zehatzik. “Federaziotik denboraldia hasteko baimena ematen dutenean hasiko dira lasterketak, baina arazoa da ez dakigula noiz hasiko diren” dio Burunda klubeko Gorka Mintegik. “Guztia airean dago. Alarma egoera ekainaren 21era arte luzatzen badute, beranduago izanen da lasterketen hasiera. Denboraldia hasi nahi dute, baina ez dakigu non, noiz eta garrantzitsuena, nola burutuko diren lasterketak. Ez dugu zehaztasunik” gaineratu du Burundako idazkariak.
Txirrindulariak animatu
Sakana Group-Aralarren nagusienak taldeko entrenamenduekin hasi dira berriki. “Konfinamenduan txirrindulariak errodillo edo arrabolarekin aritu dira lanean, eta bideokonferentzia bidez elkarrekin aritzen ginen entrenatzen, txirrindularien arteko lotura mantentzeko eta taldea egiteko. Gero bakarka hasi ziren ateratzen, hasieran bakoitza bere herrian, eta ondoren distantzia luzeagoetan. Eta gero talde txikietan. Beharrezko distantzia eta neurriak hartuz, hor gabiltza” adierazi du Eddi Cerviñok. Txirrindulariak motibatzen eta animatzen saiatzen da. “15 lasterketa badira, 15 izango dira. Eta ezinezkoa bada, hurrengo urterako entrenatuko dugu. Hori da mutilei esaten diedana. Beraiek animatzea funtsezkoa da” dio. Entrenatzaile lakuntzarra aurten lasterketa batzuk jokatuko direlakoan dago. “Bizpahiru astetan jakingo dugu” dio.
Burunda Txirrindularitza Taldeko txirrindulariak bere kabuz ari dira entrenatzen. “Taldeko entrenamenduetan ez gara hasi. Egunotan bilera egingo dugu, gutxienez kadeteekin eta jubenilekin taldeko lana hasteko erabakia hartzeko” aipatu du Gorka Mintegik. Aurtengo denboraldia oso berezia izanen da, eta lasterketa asko kolokan egon daitezke. “Eskolen mailako lasterketak antolatzeko ez dago arazo handirik. Nafarroako Federazioarekin bilera bat egon zen eta aipatu zuten txikienen probak antolatzeko baimena jasotzerakoan, akaso egutegia hasieratik berrartu daitekeela, eta urriraino luzatu. Ez dakigu zer gertatuko den. Arazo nagusiena kadeteen eta jubenilen mailako lasterketekin dago. Asko herrietako festetan antolatzen dira, eta festarik ez badago, udalek lasterketei eusteko ahalegina egingo dute? Lasterketetarako dirulaguntza mantenduko al dute? Dena airean dago” gaineratu du Mintegik. Burundak martxoan antolatu beharreko lasterketak ez dituztela aurten egingo gaineratu du altsasuarrak. “Ez ditugu atzeratuko, hurrengo urtean jokatuko dira” berretsi du.
Burundak aurkezpena airean du
Sakana Group-Aralar taldeak martxoaren 8an egin zuen denboraldiko aurkezpena, Aralarko San Migel santutegian, hain zuzen ere alarma egoera zehaztu baino aste bat lehenago. Burunda taldeak aurkezpena beranduago egitea aurreikusia zuen, aurten maillot berriak mustu behar zituztelako eta materialaren zain zeudelako, eta oraindik ez dute aurkezpenik egin. “Kadete eta jubenil mailetan Quesos Albenizek jarraitzen du babesle nagusia izaten, eta eskoletan Katealde eta La Tasca de don Jose babesleei laguntzaile berriak gehitu zaizkie: Quesos Albeniz eta Garaje Urbasa. Horregatik maillot berriak prestatu ditugu, baina ezin izan ditugu aurkeztu. Denboraldia hasten bada aurkezpena ere egin beharko dugu” dio Mintegik.
Okerrena, ezjakintasuna
Aurtengoa denboraldi arraroa izango dela ezin daiteke ukatu. Federazioek zer erabaki eta zer gerta, “horren esperoan” daudela diote Cerviñok eta Mintegik. Nolanahi ere, helburu “berberak” dituela nabarmendu du Cerviñok. “Urteroko helburu berberak dira, gazteek txirrindularitzan disfrutatzea eta ikastea. Aurten jubeniletan sekulako taldea dugu, eta denboraldia jokatuko gabe geratuko balitz mutilengatik izango nuke pena, azken urteko jubenilengatik bereziki. Baina uste dut 15 eguneko epean jakingo dugula denboraldia hastea izango dugun ala ez” azaldu du Cerviñok. “Ezer ez jakitea, hori da okerrena txirrindulariendako. Entrenatzen ibili dira, arrabolan hasieran, errepideetan gero, ahal duten moduan, baina ezjakintasun hori gainean dutela. Ziurrenik denboraldia hasiko da, baina zehaztasunik gabe” gaineratu du Mintegik.
Lakuntzako Emakumezkoen Lasterketa, bertan behera
Aralar Txirrindularitza Taldeak emakumezkoen lasterketa zuen iragarria ekainaren 27rako Lakuntzan. Pasa den asteburuan klubak bilera egin zuen eta proba bertan behera uztea erabaki dute. “Gauden egoeran egonda, gehienei iruditzen zitzaien data gertuegi dagoela emakumezkoen afizionatuen, eliteen, jubenilen eta kadeteen mailako lasterketa bat antolatzeko. Maila horretako proba izanda eskakizunak handiak dira, eta ez zen ikusten proba behar bezala prestatzeko nahikoa tarte eta baldintzak daudenik, eta horregatik aurten ez da Lakuntzako Emakumezkoen Lasterketa jokatuko” azaldu du Aralar Taldeko Eddi Cerviñok. Ikusiko dugu gainontzeko lasterketekin zer gertatzen den.