Presoek hurbilketa exijitu dute

Guaixe 2020ko eka. 4a, 14:12

Etxerat elkartearen ustez "euskal preso politikoak Euskal Herrira ekarri behar dira, urrundu zituzten bezain azkar eta zorrotz". Lakuntzan, Arbizun eta Etxarri Aranatzen ostiralero, 20:00etan, kontzentrazioak eginen dira eta Altsasun igandero, 20:00etan.

Senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak deituta, euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duten kontzentrazioak egiten hasi ziren ostiralean. Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun eta Etxarri Aranatzen egin ziren. Haien akaberan, Etxerat-eko ordezkariek “osasun eta bizi kuota kobratzen duen salbuespen espetxe politika” salatu zuten. Elkartetik aitortu zuten azken bi hilabeteak “zailak” egin zaizkiela. “Hasieratik egoera kezkagarri baten aurrean kontzientzia soziala pizteko lan egin dugu. Gaixotasunaren ondorioengatik, kutsatzeko arrisku handiagatik, bat-batean bortizki bihurtzen zen isolamenduagatik”. Estatuko makina bat elkartek kartzelen egoera salatu arren, “Espainiako Estatuak ez die jaramonik egiten Osasunaren Mundu Eerakundeak, Nazio Batuen Erakundeak edo Torturaren Aurkako Batzordeak presaz aplikatzeko eskatu zituzten gomendioei eta neurriei. Estatu frantsesak, berriz, ez die aplikatu euskal preso politikoei soilik”.

Presoen urrunketa politika 33 urtez indarrean dela gogorarazi zuen Etxeratek eta presoak “berehala” hurbiltzea exijitu zuen. Zenbait preso hurbildu badituzte ere, “gure bidaietan kilometroak kentzen dituzte, baina arriskua ez da desagertzen, zailtasunak ez dira desagertzen eta betoa mantentzen dute adinagatik edo gaixotasunagatik bidaiatu ezin duten pertsonen bisitetan”. Presoak bisitak egitea “premiazkoa” jo zuten. Izan ere, pandemiagatik ezarritako neurriengatik martxoare 13az geroztik ez da bisitarik izan. Osasun agintariak neurriak arintzen ari badira ere, senide eta lagunek ezin dute erkidegoetako edo estatuetako mugak zeharkatu. 

Etxeratek, bestalde, eskerrak eman zizkien sindikatuei “babesagatik”. Hego Euskal Herrian presoen  hurbilketarako lortutako hitzarmenei ongi etorria eman zien, baita Eusko Jaurlaritzak presoak hurbiltzeko egindako proposamenari ere. Azkenik, elkarteak babesa azaldu zion Sareren Izan Bidea ekimenari. Horregatik, “Espainiako eta Frantziako espetxe-agintariek behar diren mekanismoak ezarri behar dituzte familia-bizitzarako eskubidea bermatzeko”.