Hiriburuetan maiatzaren 29an hasi ziren bidea egiten. Eta hurrengo egunean Sakanan. 15 bat mendizalek Irañetako portuan gora egin eta Euskal Herriko erdiguneraino jo zuten. Hala bat egin zuten Sareren Izan Bidea dinamika berriarekin. Haren bidez lortu nahi du “preso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea emateko pausoak eman, jendarte aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasun eta zabaltasuna batzea”. Sarekideek uste dute “momentua orain” dela: “auzia konpontzeko aukera ireki da eta egun bizi dugun egoerak inoiz baino argiago utzi du espetxeetan bizi den egoera eta salbuespen legediak dakartzan ondorio krudelak”.
Sarek hiru printzipio ditu oinarri. Alde batetik, “gure iragan bortitz hurbilenaren ondorioak eta, bereziki, oraindik ere ehunka preso eta erbesteratu dituen egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltariak gara”. Horregatik, “eragile aktibo” izateko deia egin du, “euskal preso eta erbesteratu guztiak etxeratze prozesua garatu ahal izateko adostasun politiko eta soziala lortu” ahal izateko. Azkenik, “elkarbizitzan eta erabateko eta behin betiko bakean oinarritutako aro berri batera eramanen gaituen bidea elkarrekin egin nahi dugun ibiltariak gara”.
Ezaugarriak
Euskal Herriak dituen biztanleak adina km ibili nahi ditu Izan Bidea dinamikak: 3.127.326. Km horiek guztiak egitearen xedea da “bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea”. Km-ak zenbatzeko Sarek telefono mugikorrendako aplikazioa sortu du (Android sistemarako). Hura deskargatu, izena eman eta km-ak ibiltzea da proposamena. Bestelako jarduerak ere km bihurtuko ditu aplikazioak: antola daitezkeen zumba-maratoiak, dantzaldiak edota kamiseta janztea bera.
Sarek herritar guztiak “ibiltari izatea” nahi du, norbanako moduan edo era kolektiboan. Sarekideek diotenez ekimenak balioko du “dagoeneko saretzen ari diren adostasunak era ikusgarriago batean plazaratzeko”. Horregatik, parte hartzeko deia egin diete “bakearen eta bizikidetzaren bidea egin nahi duen edonori. Guztiok norabide berean egin dezakegu”.