“Sakanan ere ETB3 nahi dugu”. Aldarrikapen horrekin bat egiten dutenek bere sinadura eman eta eskaerari indarra emateko aukera dute orain. Izan ere, ETB3rem aldeko elkarteak ibarrean bere eskaera zabaltzea erabaki du. Horretarako, Sortzeneko Sakanako gurasoekin eta Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolekin harremanetan jarri dira eta guztien artean erakundeen atxikipenak jasotzeko ekimena martxan jarri dute. Dagoeneko zenbait gizarte erakundek eta udal zerbitzuk babestu dute eskaera.
Azaldu dutenez, ETB3 2009an sortu zen eta ordura arte ETB1ean ematen ziren marrazki bizidunak kate berrira pasa ziren. Ondorioz, “Nafarroako haur gehienak euskarazko marrazki bizidunik gabe gelditu ziren”. Nafarroan euskarazko haurrendako telebista katea zati batean konpondu da Iruñerrian, Lizarran, Tafallan, Zangozan eta Tuteran ikusteko aukera dagoelako. Baina herrialdearen gainontzeko eskualdeetan ez dago ETB3 telebistan ikusteko aukerarik, esaterako, Sakanan.
Sinadura bilketaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, “ikus-entzunezkoek oso eragin handia dute euskararen transmisioan, eremu ez-formalean, eta ikastetxeen osagarri ezinbesteko dira. Arazoa 2009. urtean hasi zen, eta 2020. urtean berdin segitzen dugu Sakanan”. Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, “Espainiak sinatutako Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak ezin du argiago esan: Espainiak bermatuko du hizkuntza horietako ‘irrati- eta telebista-emisioak modu zuzenean jasotzeko askatasuna’, eta hitzematen du ‘ez duela irrati- eta telebista-emisioen aurka eginen (11.2 artikulua)”.
ETB3 Sakanan ikustea nahi dutenek nabarmendu dutenez, “aurreko Nafarroako Gobernuak konponbide teknikoa aurkitu zuen ETB3 Nafarroa guztian ikus zedin, baina Espainiako Gobernuaren baimena behar zen, eta hark ez zien erantzun eskaerei”. Horregatik, Nafarroako eta Espainiako Gobernuei sinadurez babestutako eskaerak luzatu nahi dizkiote ETB3 Sakanan eta Nafarroa guztian ikus dadin.
Eskaerari atxikimendua eman diote orain arte
Sakanako Sortzen elkarteko gurasoak.
Andra Mari ikastola.
Iñigo Aritza ikastola.
Sakanako eta Irurtzungo D ereduko ikastetxe publiko guztietako zuzendaritza taldeak
Sakanako AEK.
Guaixe fundazioa.
Irurtzungo Aizpea euskara taldea.
Ziordiko liburutegia.
ETB3ren aldeko plataforma.