Koronabirusak eragindako alarma egoerak jakinarazpenez bete ditu Sakanako udaletxeak. Gobernuek onartutako araudiak herrian aplikatzeko moldatu behar izan dira. Baina osasun larrialdian zehar araudi horiek aldatzen joan dira. Eta antzeko zerbait gertatzen ari da igerilekuen inguruko araudiarekin. Erabilera publikoko igerilekuak zabaltzeko aukera izanen da, baina baldintzak maiz aldatzen ari dira eta udal arduradunak nahikoa txoratuta dabiltza haiek beraien herrira egokitzeko.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak igerilekuak dituzten udal guztiei 2020ko Igerilekuen Osasun Zaintzako Programa aurkeztu zien ostiralean. Institutuak udalei aholkatu die igerilekuen irekiera, ahal den neurrian, hilaren azken astera arte atzeratzea. Era berean, une bakoitzean indarrean dagoen araudia aplikatzeko beharra gogorarazten da, osasun agintariek adierazten dituzten ohar eta gomendioak oso kontuan hartuz. Azken helburua da udal igerilekuak erabiltzaileendako ahalik eta segurtasun baldintza handienez irekitzea.
Aipatu institutuak emandako irizpideak eta gomendioak segituz irekiko dituzte zabaltzen diren udako igerilekuak. Erabiltzaileek higiene eta osasun neurriak, baita pertsonen arteko segurtasun distantziak ere bete beharko dituzte. Horrek, jakina, igerilekuen edukiera mugatzea ekarriko du, eta edukiera betetzean jendea sartu ezinik gelditzea bakarren bat atera arte.
Herriz herri
Irurtzungo Udalak jakinarazi du igerilekuak garilaren 1etik irailaren 6ra zabalik egonen direla. Igerilekuak kudeatzeko kontratatutako langileek adierazitako baldintzak nahitaez bete behar dituzte. Udalak jakinarazi duenez, dutxak ezin izanen dira erabili. Taberna zerbitzua izanen da. Aitor Larraza Carrera alkateak gaztigatu duenez, “salbuespenezko neurriak hartu dira salbuespenezko garaietarako; kanpoko erabakien menpe egonen gara uneoro, eta aldaketak egon daitezke instalazioen funtzionamenduan”.
Prezioei dagokienez, udalak prezioak murriztu ditu: 5 urtera arteko haurrek eta 65 urtetik gorakoek dohainik izanen dute sarrera, 5 eta 14 urte bitartekoek 44 euro pagatu beharko dituzte sasoiko txartelagatik, 14 eta 18 urte bitartekoek 54 euro eta 18 eta 65 urte artekoek 74 euro. Eguneko sarreren (4,5 eta 7 euro artean) eta 15 eguneko txartelen kostua mantendu da (18 eta 48 euro artean). Ordainketa-helbideratze berriak edo bazkideen bajak hilaren 18rako jakinarazi behar dira. Familia abonuak ere badira. Txartelen kuotak hilaren 24an eta garilaren 6an kobratuko dira banku bidez.
Uharte Arakilgo Udalaren asmoa da igerilekuak irekitzea. Txomin Uharte Baleztena alkatearen aurreikuspena da garagartzaroaren bigarren erdialdean irekitzea, sanjoanen inguruan. Uhartek dioenez, “herritarrei zerbitzua ematea ona litzateke. Eta jasangarritasunaren aldetik ere. Zeren bakoitzak bere etxean igerilekua jartzea ez da gozoena, ur kontsumoagatik”. Uharteko alkateak aurreikusten du garbitasuna indartu eta sarreran igerilekuaren edukiera zorrotz zaindu beharko dituztela. Bi sorosle eta beste pertsona bat kontratatuko dituzte ziurrenik.
Lakuntzako Udala gaia aztertzen aritu da eta EH Bilduk atzo arratsaldean batzarra zuen. Guaixeko erredakzioa ixterakoan ez genuen udalak igerilekuen inguruan erabakitakoaren berririk. Etxarri Aranazko igerilekuak kanpinaren ardura duen enpresak kudeatzen ditu eta handik jakinarazi digutenez, gaia aztertzen ari dira. Erabakia hartu bezain laster jakinarazi dutela ere gaztigatu dute.
Urdiaingo igerilekua Aitziber elkarteak kudeatzen du. Zuzendaritzako kideek uste dute “aurtengo egoera berezia ikusita, ahal izanez gero igerilekuak ireki behar direla, elkarteko bazkideei eta herriari zerbitzu hori eman ahal izateko”. Horregatik, igerilekuak zabaltzeko betiko datak dituzte buruan: garagarrilaren akabera. Pandemiak eragindako alarma egoeraren arintzea 1. fasean sartu arte elkarteko bazkideek ezin izan dute igerilekuan mantentze lanak egiteko sartu. Orduan oraindik ez zekiten zabalduko zuten edo ez. Behin zabaltzeko erabakia hartuta, udarako prestaketarekin hasi dira. Betiko lanei segurtasuna eta higienea bermatzeko neurriak gehitu zaizkielarik. Horrek aldaketa batzuk egitea ekarriko die. Aitziber elkartetik jakinarazi digutenez, “ Urdiaingo Udalak denboraldiari aurre egiteko dirulaguntza emanen digu, aurten gastua handitu eta sarrerak txikituko direlako”.
Aurreratu digutenez, igerilekuko terrazaren edukiera handitu eginen dute, beti ere, segurtasun tarteak mantenduz. Horrela, ahalik eta jende gehienari eman nahi diote zerbitzua. “ Guk eremu handia dugu eta aforoa murriztuta ere jendea sartzen da. Dena den eta aldaketa guztiekin ere espero dugu uda ondo joatea”. Aurreko urteetan igerilekua alokatzeko nahikoa lan izan dute elkartekoek. Baina aurten sekula baino lehenago alokatu dute: elkarteko kide diren lau gazte urdindarrek kudeatuko dute igerilekua.
Altsasuko kirol azpiegiturak, Dantzalekuko igerilekuak barne, Atabo enpresa publikoak kudeatzen ditu. Bere kontseilua egoera aztertzen ari da eta Javier Ollo Martinez alkateak esan digunez, kontseiluak gaur jakinaraziko du zer erabaki duen.
Olatzagutiko Udala igerilekuak zabaltzeko egin beharrekoak egiten hasi da: konponketa lanak, alde batetik, eta langileak bilatzen, bestetik. Garagarrileko bigarren hamabostaldian zabaldu nahiko lituzkete igerilekuak Olatzagutian. Behar bezalako zerbitzua emateko bi sorosle, atezain eta garbiketan aritzeko beste bi pertsona eta asteburuko garbiketaz arduratzeko beste pertsona bat kontratatu nahi ditu udalak. Azkenik,
Ziordiko Udala gaia aztertzen ari da eta erabakia, ziurrenik, heldu den astean hartzea espero du.