Liburutegiak pandemiaren kontra

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko eka. 9a, 11:28

Olaztiko liburutegia ekainaren batean zabaldu zuten liburuak hartzeko eta itzultzeko. UTZITAKOA

Konfinamenduak entretenitzeko modu berriak ekarri ditu, hala ere, liburutegiak herrietako erdigune garrantzitsuak izaten jarraitzen dute. Hausnarketarako garaiak direla esan du Eduardo Mayordomo Olaztiko liburuzainak

"Ez dago liburutegi bat bezain txerto hoberik pandemia honen eta etorriko diren pandemia guztien aurka". Frederick Wiseman dokumental zuzendaria ospetsuaren hitzak dira, Espainiako hedabide batean egindako elkarrizketa batean. Wiseman Ex libris. The New York Public Library dokumentalaren egilea da, eta bertan liburutegi publikoen helburuak proposatu zituen. Dokumentalean liburutegiak gizarte politika zein kultura politikaren zati garrantzitsu bat direla ondorioztatu zuen, baita pertsona ahulenak hezkuntzaren bidez laguntzeko lekuak direla ere.

"Agian gehiegi esatea da. Pandemiaren aurka egiteko hoberena kalitatezko osasun publikoa izatea da". Eduardo Mayordomo Olaztiko liburutegiko liburuzaina da: "Batzuetan guk bai esaten dugu liburutegiak geroz eta inportanteagoak direla eta, bai, garrantzitsuak dira, baina pandemiaren erdian osasun zerbitzuetako langileak askoz garrantzitsuagoak izan dira". Pandemiarako "txertoa" baino, liburutegiak hezkuntza eta kultura sustatzeko guneak direla uste du Mayordomok. "Fake news edo albiste faltsu pila bat izan ditugu eta jendeak sinesten ditu. Liburutegiek ez dakit egia eta gezurra desberdintzen laguntzen duten, baina gauza serioak lantzeko eta eztabaidatzeko toki bat dira". Mundua ulertzen saiatzeko toki bat da liburutegia.


Eduardo Mayordomo Olaztiko liburuzaina artxiboko argazki batean. 

Martxotik "denbora asko pasatu" dela dio Mayordomok, eta oroitzapen batzuk denborarekin desagertu dira. Baina martxoko egun horietan giroan "beldurra" nabaritzen zela esan du: "Leku guztiak ixten hasi ziren, eta liburutegiak gizartean beharrezkoak diren arren, garrantzitsuagoa izan zen birusa gehiago ez zabaltzeko ixtea, baita gure osasunagatik ere". Egoera "arraroa" zen. Liburutegien zein bestelako eraikin publikoen itxierak ezustean harrapatu zituen herritar asko, beraz, ezin izan zituzten nahi bezain beste liburu etxera eraman. Hala ere, baziren egoera aurreikusi zutenak ere: "Azken egunetan jendeak galdetzen zuen ea liburu bat gehiago hartu zezakeen. Normalean bi edo hiru liburu eramaten dituzte, gehienez hiru, baina jendeak gehiago eskatzen zituen". Izan ere, Mayordomok aitortu bezala, "irakurzale garenoi kostatzen zaigu mahaian liburu bat ez izatea. Faltan botatzen dugu".

Konfinamenduan irakurri dituen liburuen artean baten gomendioa eskatuta, Mayordomok El verano en el que mi madre tuvo los ojos verdes Tatiana Tibuleac idazlearena proposatu du. "Zerbait berria da". Klasikoak ere irakurtzeko aukera izan du: "Zalakain el aventurero berriz irakurri dut, aspaldi irakurri nuen lehendabiziko aldiz, eta abenturazko liburu izugarria da”.

Irakurketa
Konfinamendua luzatzen zen heinean, irakurtzeko liburuak bukatzen hasi ziren: "Hainbat pertsona etorri dira esanez libururik gabe gelditu direla". Etxeetako liburu ahaztuen loraldia izan da, beraz, liburuzainak azaldu duenez: "Klasikoak irakurtzeko ongi etorri da. Gurasoek garai batean erosi zituzten liburu horiei bigarren aukera emateko". Bestetik, jendeak ere liburutegiko liburuak elkarbanatu dituela azaldu du liburuzainak: "Libururik gabe gelditzen zirenez, ez dakit nori utzi diotela esaten didate". Beste batzuk, liburu elektronikoetara salto egin dute, egoerari aurre egiteko, "baina fisikoak nahiago dituztela esaten didate".

Etxealdian irakurtzen hasi direla diote askok. "Egia izatea espero dut, eta ohiturak aldatu izana". Hala ere, ez du hain argi ikusten: "Telebista, ordenagailu eta mugikorraren arten denbora asko pasa dugu, eta orain pantailak alde batera uztea oso zaila da". Baina liburu batek "askotan" errealitatearekin bat egitea suposatzen zuela esan du: "Telebistarekin denboraren pertzepzioa galtzen zenuen, ez zenekien goiza edo arratsaldea zen. Baina liburu batekin kontzienteagoa zara". Gainera, etxeko apaletan ahaztutako liburuei bigarren aukera bat ematen ez ezik, beste gai batzuetan esploratzeko aukera egon dela esan du liburuzainak: "Konfinamendu batean ez balitz, irakurriko ez zenituzkeen liburu horiek: historiazkoak, fisikakoak…". Aukera eta gustu berriak ekarri ditu itxialdiak.

Kultura kontsumitzeko modu berriak ekarri ditu ere konfinamenduak. Nafarroako Liburutegien Sareak jakinarazi zuenaren arabera, martxoa eta apirila bitartean 1400 pertsonek txartel digitala egin zuten, eta online maileguak laukoiztu ziren. "Plataforma digitala ona da. Liburu digitalak, filmak, dokumentalak eta abar eskaintzen ditu. Jendea etxean zegoenez, normala izan da eskaria igo izana".

Egoera berria
Nafarroako liburutegiak aurreko astelehenean, ekainaren 1ean, ireki zituzten. Momentuz, liburuak, filmak zein CDak maileguan hartzeko eta etxean daudenak itzultzeko aukera baino ez dago. "Denborarekin" beste zerbitzuak eskaini ahal izatea espero du Mayordomok: ikasteko aretoak, haurren txokoak eta abar. Liburuak itzuli ondoren 14 eguneko berrogeialdia pasa behar dute, liburutegian sartzeko maskarak jarri behar dira, baita eskuak garbitu ere, eta pertsonen arteko distantzia mantendu behar da.


Olaztiko liburutegia 2. fasean. UTZITAKOA

Koronabirusak sortutako egoera honek aisialdirako eta entretenimendurako modu berriak ekarri dituela uste du liburuzainak, eta liburuzainek zein kultur eragileek honen inguruan hausnartu beharko dutela esan du. Aspaldi duten eztabaida da, baina "konfinamenduak egoera azkartu du". Uda pasata eta egoera baretzen denean, udazken aldera, bilduko direla aurreikusi du Mayordomok. "Gure erronka eta gure etorkizuna herrietan kultura proposamenak sustatzean dago. Orain ematen ditugun zerbitzuak eta maileguak ez ezik, saiatu behar gara liburutegiak kultura zabaltzeko eta kulturaren inguruan biltzeko tokiak izatea". Liburutegiak kultura zabaltzeko eta indartzeko "leku aproposak" direla esan du, eta "gizarte osoaren" inplikazioa eskatzen du. "Herriek pilotalekuak, igerilekuak eta liburutegiak dituzte. Herriko toki garrantzitsu bat da. Irakurtzeko, ikasteko edo elkartzeko toki bat".

Olaztiko liburutegian, esaterako, koronabirusak Etxeberria zerrategiaren inguruko hitzaldi "oso interesgarri" bat zapuztu zuen. "Dena prest geneukan, Iruñeko gizon bat topatu nuen horren inguruan asko dakiena eta bat-batean hau gertatu zen. Pena bat da". Udazkenean kultura proposamenekin hasiko direla esan du: "Erakusketak, hitzaldiak…".