Ekainaren 15etik aurrera Aspe enpresako pilotariak normal-normal entrenatzen hasiko dira, taldeka euren ohiko teknikariak alboan dituztela, enpresaren aginduetara. Izan ere, gaur goizean Aspe enpresako ordezkariak eta pilotariak bildu dira Aspeko Eibarko egoitzan, eta ordu eta erdi luze iraun duen bileran akordiora iritsi dira. Batetik, Aldi Baterako Lan Erregulazioa etetea erabaki dute bi aldeek; eta, bestetik, baldintza ekonomiko berriak jasotzen dituen hitzarmena adostu dute.
Aspeko pilotari garrantzitsuenak egon dira bileran: Jose Javier Zabaleta, Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Beñat Rezusta eta Iker Irribarria. Fernando Bidarte eta Inaxio Errandoneak ordezkatu dute enpresa. Bi aldeak pozik daude lortutako akordioarekin. “Martxan hastera goaz eta gu pozik gaude” azaldu du Altunak. Iritzi berdinekoa da Jose Zabaleta. “Bi aldeek aurrera egin nahi dugula argi geratu da. Pilotariek jokatu nahi dugu eta enpresak ere guk jokatzea nahi du” nabarmendu du Etxarrengo atzelariak.
Aspeko ordezkariak ere bueltarako gogotsu daude. “Gu prest gaude uztailaren 1ean Irunen hasteko; ikusiko dugu lehenengo pausuak nolakoak diren, baina oso baikor gaude. Labrit, Eibar, Tolosa eta Idiazabalgo pilotalekuak erabiltzen ditugu enpresako entrenamenduetarako, eta orain teknikariak izango dira entrenamenduak antolatuko dituztenak, baina ohiko tokietan izango dela aurrikusten da” gaineratu du Aspeko ordezkari Inaxio Errandoneak.
Uztailaren 1erako prest egongo direla uste dute pilotariek. “Geldirik egon garen tarte honetan guztian gure burua zaindu dugu eta ariketa egin dugu. Nik uste dut taldekideekin frontoian entrenatzen hasten garenetik tartea izango dugula behar bezala prestatzeko” azaldu du Zabaletak.
Hurrengo egunetan zehaztuko da udako egutegia, eta Buruz Burukoa jokatzea ere ez da baztertu. Hiru hilabete ondoren, frontoietara bueltatuko dira pilotariak.
Emakume Master Cup Pilota Goxuko Txapelketako finalerdiak ekainaren 21ean jokatuko dira
Binakako Emakume Master Cup Pilota Goxuko Txapelketan aldaketak daude eta finalerdiak aste bat aurreratuko dira. Horrela, ekainaren 21ean, Elgoibarren, lehenik eta behin Yera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik Irantzu Etxebeste eta Jane Urkizu izango dituzte aurkari, eta bigarren finalerdian Ruiz de Infante eta Amaia Jaka Nagore eta Leire Galeanoren kontra ariko dira. Ekainaren 28an Irungo Urantzuk hartuko du Emakume Master Cupeko Binakako final handia.