Atzo Aspek egin zuen moduan, Baiko Pilota enpresak ere Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea etetea erabaki du. Horrela, ekainaren 19an bueltatuko dira Baiko Pilota taldeko pilotariak enpresa entrenamenduetara, alboan euren teknikariak dituztela. Tartean dago Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarra.
“Albiste pozgarria da enpresak eman duena eta nik uste dut pilotari guztiak pozik egoteko modukoa dela” adierazi du Baikoko pilotari Mikel Urrutikoetxeak. Zaratamoko frontoian entrenatzen ari zela jakin du berria. Bi hilabete eman du bakarrik entrenatzen, eta taldekako entrenamenduetara bueltatzeko gogoz dagoela gaineratu du. Pilotariak bueltarako prest egongo direla dio pilotari bizkaitarrak.
Buelta agian aste bat aurreratu daiteke
Radio Euskadin aipatu zenez, Aspe eta Baiko enpresak kantxetara buelta aste batean aurreratzea aztertzen omen ari dira. Lehendabiziko partida uztailaren 1ean jokatzea aurreikusten zen, baina San Juan egunean Eibarko Astelenan jaialdi bat antolatzeko aukera ari omen dira aztertzen.