2020ko apirilaren 22an plazaratu zen Borondate politikoa presoen osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan izeneko manifestua, #SOSpresoakcovid19 goiburukoa, lau entitatek elkar hartuta sinatu zutena: Salhaketa Nafarroa, Etxerat, Altsasuko Gurasoak eta Sare Herritarra. Ordutik hona ekimen batzuk egin dira presoek koronabirus garai hauetan bizi duten egoera ikusgai jartzeko. Agiriak nabarmentzen duenez, osasun larrialdi honetan lehentasuna eman behar zaie presoen giza eskubideei eta eskubide orokorrei, pandemiaren hasieratik Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordeak adierazi zutenaren ildotik.
Testu hau izenpetzen dugun guztion iritziz pertsona ororen bizitza eta osasuna errespetatu beharra dago, preso egon zein ez, eta hori beste edozein gairen gainetik jarri; horregatik adierazi nahi dugu publikoki gure atxikimendua #SOSPresoakCovid19 agiriari. Covid-19aren pandemiaren hasieratik, irizpide sozialek eragin desberdinak ekarri dituzte. Dudarik gabe, presoak dira kolektibo ahulenetako bat egoera honetan. Alde batetik, espetxeak Covid-19aren kutsapen nabarmeneko zentroak dira, konfinamendu zentroak direlako, eta, kasu askotan, preso gehiegi daudelako haietako gehienetan; bestetik, mezu nagusia #nietxeangeratukonaiz den garai honetan, itxialdia bikoitza da etxe hori kartzela denean, presoen oinarrizko eskubideen kontrakoa da eta, finean, konfinamendu masiboaren irizpidea hain exigentea bihurtzen da ezen bateraezina baita askatasuna kentzen duen zigor bat betetzearekin eta, are gehiago, presoen beraien osasunaren aurkakoa ere izan daiteke.
Esandako guztiagatik, kartzelak toki kalteberak dira kutsapenari begira, eta, horrez gain, kontu handiz ibili behar da bertan eskubideak mugatzeari dagokionez. Halere, orain arte Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak hartu dituen neurriak horretara bideratu dira gehienbat: presoak ziegetan bakartzea ia egun osoan, irteerak etetea, familiakoen bisitak eta jarduerak bertan behera uztea...; neurri horiek, presoen osasuna babesteko nahikoak ez izatez gain, haien eskubideak urratzen dituzte zeharo. Horrexegatik, beharrezkoa da oraindik Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabakiak hartu eta abian jartzea, gaixotasuna bolada baterako gure artean izango dugula kontuan hartuta, baina betiere presoen eskubideak -dagoeneko hain murriztuak- errespetatuko dituzten neurriak ezartzeko, edo, zentzu zabalagoan ulertuta, giza eskubideak errespetatuko dituztenak. Urgentea da pandemiari aurre egiteko egiazko neurri erreal eta eraginkorrak ezartzen hastea, helburu hauekin: espetxeetako bizilagunen kopurua murriztu, askatasuna kentzeko zigorrei alternatibak bilatu eta zuzenean kartzelatik atera zigor laburrak dituzten presoak edo arrisku txikiko profilak dituztenak, bai eta birusaren aurrean bereziki zaurgarriak direnak ere (65 urtez gorakoak, gaixorik daudenak, haurdun dauden emakumeak eta kartzelan beraiekin seme-alabak dituztenak...), hau da, #SOSpresoakcovid19 agirian eskatzen denarekin eta Europako osasunaren eta giza eskubideen arloko goi-agintarien gomendioekin bat datozen neurriak. Horrez gain, Nafarroaren kasuan, zehazki, bat gatoz eskatzearekin preso dauden guztiek zigorra erroturik dauden tokian bete dezatela, halaxe baitago ezarrita Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorrean, eta, horretarako, urgentea da horiek Nafarroara ekartzea osasun krisi honetan.
Amaitzeko, etorkizunari begiratuz, dei egiten dugu pandemia egoera berri hau eta populazioaren konfinamendu masiboa aukera bat izan daitezen gogoeta egiteko zigor sistemarako eta espetxe politikarako bide berriez, guztiaren gainetik osasuna, bizitza eta duintasuna jarriko dituzten ereduen bila.