Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ziriza Perezek maiatzaren 15ean aurreratu zuenez, “Nafarroak 45 milioi euro eskura ditzake urtean, finalista gisa, egun emakidarik ez duten ahalmen handiko bideetan ibilgailu astunentzako bidesaria ezartzen badu. Aukera horri esker, premiazko lanak finantzatu ahal izanen lirateke datozen urteetan, esaterako, Belateko eta Almandozko tunelak bikoiztea, eta N-121-A errepidea 2+1 bidean bihurtzea eta bost autobiak mantentzea”.
Bidesariak kudeatzeko enpresa publiko bat sortzeko asmoa du foru administrazioak. Aipatutako ahalmen handiko bost bideen artean daude Iruñea-Behobia errepidea (NA-121-A), Ebroko Autobia (A-68) eta Sakanako hiru autobiak: Leitzarango Autobia (A-15), Sakanako Autobia (A-10) eta Iparraldeko Autobia (A-1). Kamioiendako bidesariak jartzea Europako Batzordearen 2004/35 zuzentarauan oinarrituta egin du Nafarroako Gobernuak. Hor jasotako printzipioen artean daude: erabiltzen duenak pagatzen du eta kutsatzen duenak pagatzen du. Hartutako erabakiarekin foru administrazioak errepideetako lanak finantzatzeko itzalpeko bidesariak egiteari uko egin dio.
Gaia aztertzeko bilera izan zuten Nafarroako Gobernuko ordezkariek eta parlamentuan ordezkatutako taldeek herenegun. Navarra Suma ez beste talde guztiek gobernuarekin aurreakordioa lortu zuten “errepideak zerbitzu publiko gisa finantzatzeko eta hobetzeko”. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, “alderdi horiek foru gobernuaren proposamenaren oinarrien alde agertu eta topagunetzat jo dituzte”. Hala ere, “bileran errepideen eta bestelako bide-azpiegituren finantzazioaz aipaturiko gai espezifikoak heldu diren egunetan bideratu, zehaztu eta adostuko dira”. Zirizak jakinarazi zuenez, ANET eta Tradisna garraiolarien elkarteekin bilerak izanen dituzte.