Zuntz optikoaren zuloa: herri txikiak

Guaixe 2020ko eka. 15a, 11:48

Altsasun zuntz optikoa jartzen.

Telekomunikazio lotura hobea izateko, lau udaletako alkateak herri txikietara zuntz optikoa zabaltzeko aukerak elkarrekin aztertzen ari dira. Asteazkenean teknikari batekin bildu ziren.

Nasertic enpresa publikoak Sakanako Autobian (A-10) barna Interneteko sare indartsua zabaldua du. Baina Irañetan eta Arruazun ez dute zuntz optikorik eta, beraz, telekomunikazio konexio azkar eta ziurrik ere ez. Emari handiko sare horrekin bat egiteak 1.200 eta 1.500 euro artean balio duela azaldu du Gorka Ovejero Ganboak, Arruazuko alkateak. “Eta Arruazun zenbat etxe daude? 30? Enpresei ez zaie interesatzen lotura pagatzea eta gero zuntz optikoa herrian zabaltzea, ez delako beraiendako errentagarria”. 

Beste kasu batzuetan zuntz optikoko linea herri sarreretaraino eramaten dute enpresek gobernuarekin hala hitzartu dutelako. “Baina gero herria txikia denez, ez da errentagarria eta ez dute herrian zuntz optikoa zabaltzen. Hori da Lizarragaren kasua”, argitu digu Ovejerok. Herri adina errealitate daude. Baina herri txikietan zuntz optikoa ez sartzeko eta zerbitzua ez emateko enpresen argudio nagusia errentagarritasun faltarena da. “Despopulazioaren kontrako neurri bat ere bada zerbitzu egokiak izatea” hausnartu du arbazuarrak. 

Elkarrekin
Arakil, Irañeta, Arruazu eta Ergoienako alkateak guifi.net proiektuaren inguruan dabilen Xabier Garmendia teknikariarekin bildu ziren joan den asteazkenean. Udalerri bakoitzaren errealitatea eta dauden aukerak ezagutu zituzten. Alkateak aztertzen ari dira azpiegitura propioarekin zuntz optikoa herrietan zabaltzea. “Sareak lurperatuta duten herrietan lurpetik egin daiteke, kablea airetik, fatxadetatik, zabalduz eraman daiteke, baita ur hoditeriatik ere. Urdiainen argiteria publikotik eraman dute. Mantentze lan gutxi du. Eta batek jakinez gero, zuntza auzolanean zabal liteke herrietan”. 

Lau udalek elkartea egitea ere aztertuko dute. “Elkartearen bidez merkeago erosiko litzateke eta Internet eskaintza merkeago litzateke”. Hala ere, Cederna-Garalurren gaiaren inguruan sortutako batzordean parte hartuko dute, Ovejero izanen da ordezkaria. Eta Sakanako Garapen Agentziaren atea ere jotzeko asmoa dute.