Covid-19aren krisiaren ondorioen azterketak zenbait hari mutur eta irakurketa ekarri ditu: horietako bat genero berdintasunean izan duen eragina. Krisi honen irakurketa eta ondorengo neurri edo erronken proposamenak egiterakoan genero berdintasunaren eragina kontuan ez hartzeak desberdintasunak larriagotuko ditu.
Oinarrizko zerbitzuen eta osasun zerbitzuen feminizazioa eta hauen lan karga. Lanbide feminizatu horiek guztiek erakutsi dute funtsezko esparruak direla "bizitzek bizirik jarrai dezaten" oinarrizko eta ezinbesteko premiak asetzeko.
Zaintza lanen krisia. Zaintzak erdingunera. Egoera honek berriz ere agerian utzi du mugimendu feministak eta berdintasun politikek aspaldidanik nabarmentzen ari ziren zerbait: zaintza krisi batean murgilduta gaudela eta bizitzak ez daudela erdigunean.
Prekaritatea. Emakumeek prekarietate eta lan pobrezia handiagoa jasaten dute, eta horrek leku okerragoan jartzen ditu krisialdi berri bati aurre egiteko (batez ere emakume gazteak, kualifikazio txikia duten emakumeak eta emakume migratzaileak).
Bateragarritasun erantzunkidea. Krisi honek azaleratu duen beste arazoetako bat, lana, bizitza pertsonala eta familia bateragarritasun erantzunkidearen falta izan da. Halaber, familien, enpresen eta administrazioen artean erantzunkidetasuna egon behar da zaintzaren esparruak eragiten dituen alderdi guztiei erantzuteko orduan.
Indarkeria matxistak. Konfinamendu egoera batean, indarkeria egoerak emateko aukerak areagotu egin dira. Ildo honetan, indarkeria matxistarik gabeko Sakana lortzeko bidean, era koordinatu eta eraginkor batean lanean jarraitzearen premia azpimarratu beharra dago.
Bizitzea merezi duen bizia.Krisi honek are gehiago nabarmentzen du bizitzak erdigunean jartzearen premia eta paradigma aldatzearen garrantzia.
Aurretik datorren krisiaren irakaspenak: Ezohiko egoera honek ere zenbait irakaspen ekarri dizkigu. Hauetan sakondu eta lanean jarraitzeko beharra ere azpimarratu beharra dago: Beharrezkoak diren lanak berrantolatzen hasi, egitura kolektibo eta komunitarioak indartu, tokiko garapen berdintzailearen garrantzia, berdintasun eskubidea bermatzeko tresnak martxan jartzeko beharra, herritar aktiboak, ahalduntze eta parte hartzea ardatz duten politika publikoak eta bizitzaren jasangarritasuna ardatz duten politika publikoak bultzatzea eta indarkeria matxistarik gabeko Sakanaren alde lan egiteko beharra.