Taekwondo

Bargagain Taekwondo taldeko nagusiak, entrenatzera

Guaixe 2020ko eka. 18a, 16:32

Bargagain Taekwondo Taldeko nagusien taldekoak entrenatzen hasi dira. Maila berreskuratzea, lesioak ekiditea eta hurrengo denboraldia prestatzea dira helburuak

Bargagain Taekwondo Taldeko nagusienak, kadeteen eta gazteen mailako txapelketetan lehiatzen direnak, aurreko astean hasi ziren entrenatzen, Gerardo Montero irakaslearen begiradapean. Nafarroan entrenatzen hasi diren lehen kluben artean dago Bargagain. Altsasuko Gaztetxokoko parean dagoen plaza itxian hasi dituzte entrenamenduak, U plazan, eta galdutako maila berreskuratzea da lehen asmoa. “Gure kirola, taekwondoa, kontaktu asko duen kirola da. Online bidezko klaseak ematea ez dut oso gustuko; nahiago dut klaseak aurrez aurre izatea, taekwondoko mugimenduak behar bezala irakatsi eta zuzentzeko. Etxean egon izan behar dugunean lan fisikoko ariketak bidali dizkiet ikasleei, nolabaiteko mantentze entrenamendua, baina argi nuen ahal bezain pronto ekingo geniela entrenamenduei eta pixkaka taldeko nagusienekin hasi gara” azaldu digu Gerardo Monterok. 

Dinamikarekin hasi
Bargagain taldeko gainontzeko mailetako neska-mutilendako, beheko kategoriendako ikasturtea despeditu da; kadeteen eta gazteen mailan txapelketan lehiatzen diren ikasleak dira lanean hasi direnak, zortzi taekwondolari inguru. “Helburua klaseen dinamikarekin hastea da, eta jarraikortasun bat izatea. Aurreko astean mendira joan ginen korrika egitera. Egunotan Lavaderoko gure ohiko entrenamendu tokia atontzen ari gara, kirol zerbitzuko langileen laguntzarekin, aretoa egoera berriak eskatzen dituen baldintzetara egokitzen. Distantziak mantentzeko 2 metro karratuko espazioan lan egin beharko du kirolari bakoitzak, eta hori kontuan hartuta, 8 taekwondolari sartuko gara. Eskalada arintzeko hurrengo fasean sartzen garenean, hurrengo astetik aurrera, Lavaderon entrenatzen hasiko gara, segurtasunaren aldetik eskatutako baldintzak beteaz” gaineratu du irakasleak. 

Gerardo Monterorendako ezinbestekoa zen klaseekin hastea. “Kontuan hartu behar da taldetxo honetan Nafarroako eta Espainia mailako Txapelketetan lehiatzen diren kirolariak daudela. Ildo honetan Espainiako Taekwondo Federaziotik azaldu dute Espainiako Txapelketak urrian izango direla. Pentsa, orain lanean hasten ez bagara, nola iritsiko garen txapelketetara” dio entrenatzaileak. Hasteko eta behin, taekwondo klaseekin hastea eta gorputza ohitzea da asmoa. “Geldirik egon behar honekin asko sufritu dute gorputzek, eta lesioak ekidin nahi baditugu gorputza behar bezala prestatu behar dugu. Horrek hilabete inguru emango digu. Eta hortik aurrera taekwondoko teknikak eta taktikak lantzen hasiko gara. Helburua txapelketetarako prest egotea eta lesioak ekiditea da” nabarmendu du Gerardo Monterok. 

Bestalde, Bargagain taldeko pare bat kirolarik gerriko beltza lortzeko azterketa zuten ekainean, baina osasun krisiarengatik bertan behera geratu zen deialdia. “Orain ezin izan dute azterketa egin, baina uda ondoren izango da, eta eurekin azterketa prestatuko dugu” gaineratu du irakasleak. 

Bargagaingoek entrenamenduak astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan egiten dituzte, goizeko 11:00etan hasita.