Maria Markotegi eta Nanoipuin lehiaketen sari banaketa berezia izan da aurtengoa. Koronabirusak sortutako larrialdi egoera dela eta, 2020. urtean ez da ekitaldirik egin. Hala ere, euskarazko sormena sustatzeko lehiaketen irabazleek bere saria jaso dute: etxean jaso dute Sakanako liburu dendetan erabiltzeko 40 eta 120 euro bitarteko txartelak. Lehiaketetan parte hartu dutenek ere oparitxoa jaso dute. Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak antolatzen ditu bi sariketak.
Maria Markotegi lehiaketa Sakanako ikasleei bideratuta dago eta lau sail ditu: booktubea, narrazioa, poesia eta komikia. Aurten 359 lan aurkeztu dira; 220 narrazio, 25 poesia, 7 booktube eta 107 komiki. Lehiaketak bost maila ditu Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak; 5. eta 6. mailak; DBHko 1. eta 2. mailak; 3. eta 4. mailak, eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena. Booktubeak DBH1etik gorako gazteek parte hartu ahal izan dute Youtuben agertzeko gutxieneko adina behar delako. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 1600 euro banatu ditu lan onenak saritzeko, eta sariak mailaren araberakoak izan dira: 40, 60, 80 eta 100 euroko txartelak, hurrenez hurren. Epaimaiha Toñi Lopezek eta Izaskun Etxeberriak literatura arloan, Joxemari Morcillok eta Olatz Aldasorok komikia arloan eta Katrin Gineak eta Aitor Karasatorrek booktube sailean osatu dute.
Nanoipuin lehiaketa euskaltegietako ikasleei zein mintzakideei zuzendutako lehiaketa bat da. Hiru maila ditu: 1. mailan A1 eta A2 mailetako ikasleek parte hartzen dute; 2. mailan B1 mailako ikasleek, eta 3. mailan B2 eta C1 mailetako ikasleendako da. Mintzakideek ezagutzaren pareko mailan parte hartzen dute. 55 lan aurkeztu dira 2020ko Nanoipuin lehiaketara: 1. mailan 20; 2. mailan 19 eta 3. mailan 16. Irabazleek Sakanako liburu dendetan erabiltzeko 150 euroko txartela bana irabazi dute. Epaimahaia Monika Etxeberriak eta Maria Luisa Zelaiak osatu dute.