Suhiltzaileendako ibilgailu berria

Guaixe 2020ko eka. 25a, 09:47
Suhiltzaileendako erositako 7 ibiligailuen aurkezpenean gobernuko ordezkariak izan ziren.

Altsasuko suhiltzaileen parkean zazpi ibilgailu dituzte: 2 kamioi, 2 lur orotarako ibilgailu, anbulantzia, autoa eta txalupa.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du suhiltzaileen zerbitzurako zazpi ibilgailu berri erosi dituela: hiru landa-autobonba astun (969.028,50 euro) eta lau lur orotarako ibilgailu (150.088,40 euro). Azken horietako bat Altsasuko suhiltzaileen parkerako da. Ibilgailu horrekin Altsasuko suhiltzaileek honako lanak eginen dituzte: suteak itzaltzea landa- eta baso-eremuetan; sarbide zailak dituzten eremu isolatuetan pertsonak bilatzea; pertsonak, animaliak eta ondasunak salbatzea eta erreskatatzea, baita mendi, ibai, urtegi, ubide edo zingiretan galdutako pertsonak ere.

Gaur egun Altsasuko suhiltzaileen parkean sei ibilgailu dituzte. Bi kamioiak dira: bata herrietako suteetarako eta bestea basoko suteetarako. Horretaz aparte, anbulantzia eta pertsonak eramateko auto bat dute. Eta, azkenik, lur orotarako Land Rover bat eta Toyota bat. Azken hori da parkera iristen azkena. Horretaz aparte, urtegi, ibai edota uharketan ibiltzeko txalupa bat ere badute. Altsasuko parkeko suhiltzaileek jakinarazi digutenez, “oro har Nafarroako ibilgailu parkea oso zaharra da. Guk dugun baso suteetarako kamioiak 24 urte ditu eta herrietakoak 21. Beste erkidegoetan ibilgailu berriagoak dituzte. Madrilen, esaterako, bost urtetik behin aldatzen dituzte”.