Festarik gabe, Jaibus zerbitzurik ez da behar.
1.Noiz sortu zen jaibus zerbitzua?
2.000 urtean hasi zen, sanjoanetan. Beste zonalde batzuetatik ezagutzen genuen zerbitzua zen –Erriberako 'Voy y vengo'–, eta gure eskualdeko errealitatea ikusita martxan jartzea erabaki genuen. Herriz herri jaietara joateko ohitura handia dago Sakanan.
2.Zeintzuk ziren helburuak?
Trafiko istripuen murrizketa; gazteak kontsumoaren, autokontrolaren eta kontsumoak sortutako jarreren aurrean duten arduraz ohartaraztea; festen ondoren etxera bueltatzeko baliabideak erraztea; eta festetan gehiegizko alkohol eta drogen kontsumoak ekar ditzakeen isunak gutxitzea.
3.Hasi eta berehala sekulako arrakasta izan duen zerbitzua da.
Bai, 6 herritara joateko antolatu genuen lehenengo urtean; autobus bakarra zen hasiera haietan alde batetik bestera bueltaka ibiltzen zena. Berehala zerbitzu hau zabaltzeko beharra ikusi zen, bai autobus kopuruari dagokionez eta baita jai egunak gehitzeari dagokionez ere. Urte gutxira herrietako jaiez aparte, beste ospakizun batzuetarako antolatu genuen, jasotako eskakizunei erantzuna emanez. Irizpidea beti izan da larunbat gauez ospatzen den jai bat eta jende asko elkartuko duen jai batetarako izatea.
4. Helburuek berberak izaten jarraitzen dute?
Errealitatera eta beharretara egokitu den zerbitzua da, baina helburuak berdinak dira. Prebentzio programa bat da, eta helburu nagusia kontsumoarekin lotutako arriskuen murrizketa da eta alkohola eta gidatzearen arteko sentsibilizazioa lortzea.
5.Zein adinetarako zerbitzua izaten da?
Hau denborarekin aldatzen doan gauza da. Hasiera batean adin mugarik gabe erabiltzen zen zerbitzua zen, baina urte batzuetatik hona, Nafarroako Gobernutik jasotako gomendioen ondorioz eta Nafarroa osoan irizpide berberak izateko asmoarekin, mugak jarri genituen. Hau da, 16 urtetik beherakoek zerbitzua ez erabiltzeko gomendioak eman dizkiegu familiei, eta horretarako jarri genuen gurasoen baimena egiteko beharra. Hurrengo pausoa, datorren urteari begira, autobusa 16 urtetik gorakoek erabiltzea da.
6.Orain arte, zer moduzko balorazioa egiten duzue?
Balorazioa oso ona da. Erabiltzaile asko eta balorazio oso ona du zerbitzuak, eta gure helburua beti hobetzea da, ongi funtzionatzea. Horregatik adinez nagusiagoak direnekin erabiltzeko araua jarriko dugu, helburua kotxea dutenak zerbitzua erabiltzea delako. Osasun gai bat da, zaintza eta ardurari garrantzia ematen diona: askotan isunetan bakarrik pentsatzen dugu, baina benetan gure bizitza eta osasuna da garrantzitsuena.
7.Urte berezia da hau, ez da festarik egongo. Hortaz, zer gertatuko da jaibusarekin?
Gauden egoeran egonda jaibusa egoteak ez du zentzurik; arrisku ikaragarria suposatuko luke. Jaietara joateko zerbitzua denez, jairik ez badago jaibusa ere bertan behera geratuko da. Gainera aurten horrelako zerbitzuetarako ez da inolako dirulaguntzarik jasoko.
8.Erabaki gogorra da, ez?
Gogorra baino zentzuzko erabaki bat da, egoerak berak hartzera bultzatu gaituen erabakia.
9.Dena den, nahiz eta jaibusik ez egon, jende mugimendua egongo da. Honekin kezka duzue?
Uste dugu eta espero dugu gehiengoak arduraz jokatuko duela. Egia da mugimenduak egongo direla. Jaibusa egun konkretu batzuetarako egoten da, eta egun hauetatik kanpo ere mugimenduak izaten dira. Beti izaten dugu kezka horren inguruan, eta aurten ere beste urte batzuetan bezala.
10. Udan alkohol eta substantzien kontsumoa handitzen da?
Udan gehiago irteteko aukera dugu eta honek kontsumitzeko aukera gehiagoren aurrean jartzen gaitu. Hala ere, argi izan behar dugu ez duela jende guztiak kontsumitzen. Ez kontsumitzea beste aukera bat da.
11. Hortaz, zein gomendio egingo diegu sakandarrei?
Bizi garen gizartean askotan festa, ongi pasatzea eta kontsumoa oso lotuta dauden errealitatea dira. Horren ondorioz, gogobetetzeko modu bakarra kontsumoa izan daiteke. Egiaztatuta dago, hori horrela denean, kontsumo arazoak izateko aukerak handiagoak direla. Gure aholkua da aukera ematea aisialdia eta gozamena pasatzeko beste aukera eta modu batzuei, kontsumoarekin zerikusirik ez dutenei. Azkenik, musika talde ospetsu baten abesti bati erreferentzia eginez: "Gogoratu behar duzun gauza bat... ez da gauza bera kontsumitzea eta suntsitzea".